«Hirugarren mailatik Asobal ligara pasatzea, sekulako saltoa izan da»
Imanol Gartziandia (Zumarraga, 1995) Urola eskubaloi taldearen harrobi agortezineko azken harribitxia da. Naturhouse La Rioja taldean jokatzen du: Asobal ligako talde onena, ...
Imanol Gartziandia (Zumarraga, 1995) Urola eskubaloi taldearen harrobi agortezineko azken harribitxia da. Naturhouse La Rioja taldean jokatzen du: Asobal ligako talde onena, Bartzelona ahalguztidunaren ondoren, eta Txapeldunen Ligan jokatu du.
Nolatan eskubaloi zaletasuna?
Eskolako lagunekin batera hasi nintzen, Urolan. Gainera, nire anaiak ere eskubaloian jokatzen zuen.
Noiz arte egon zinen Urolan?
Gazte mailako azken urtera arte. Ordurako lehen taldearekin jokatzen nuen. Senior mailara heldu nintzenean, Elgoibarrera joan nintzen: eskubaloiko hirugarren mailara. Zalantzak izan nituen, ez bainuen Asobal ligara iristeko itxaropen handirik. Elgoibarren dena goitik behera aldatu zen. Bi entrenatzaileak Asobal ligako jokalari ohiak ziren eta liga horretan ezagunak zituzten. Ezagun horiei deitzen hasi ziren, ni ikustera etor zitezen. Elgoibarko entrenatzaileek Logroñora proba bat egitera joan behar nuela esan zidatenean, ezin nuen sinetsi.
Hirugarren mailatik maila nagusira salto egin zenuen. Ligako bigarren talde onenera, gainera.
Sekulako saltoa izan zen. Nire taldean inork ez du halako saltorik eman. Asko kostatu zitzaidan moldatzea. Hasieran izarrak ikusi nituen. Ordura arte egiten nituen hiru entrenamendu, bakar batean egiten zituzten. Eta arratsaldean, berriro.
Zer espero zuten zugandik?
Lasai hasteko esan zidaten. Ez obsesionatzeko. Izan ere, taldekideek baino maila fisiko eskasagoa duzula ikusten baduzu, zoro moduan entrenatzen has zaitezke eta lesionatu.
Zer moduz joan da denboraldia?
Ondo. Ligan bigarrenak gelditzera behartuta gaude eta lortu dugu. Hori negozia ezina da, Txapeldunen Liga jokatzeko modu bakarra baita. Izan ere, Bartzelonak urtero irabazten du liga. Txapeldunen Ligan gure helburua taldekako fasera pasatzea zen, eta lortu genuen. Hurrengo fasean kalera joan ginen. Asobal kopako finalean oso lan ona egin genuen, galdu arren, baina Kopan porrot egin genuen.
Pertsonalki zer moduz joan da denboraldia?
Hasieran ez nuen asko jokatzen, baina banekien hori gertatuko zela. Gure jokoa oso taktikoa da eta jokaldi asko ikasi behar izan nituen. Pixkanaka jokatzen hasi nintzen, ordea. Bigarren itzulian asko jokatu dut. Gol batzuk sartzen ditut, baina Urolan eta Elgoibarren baino askoz ere gutxiago. Hasieran bi edo hiru aldiz pentsatzen nuen edozer egin aurretik.
Nolakoa da Txapeldunen Ligan jokatzen ari den talde baten aldagela?
Heldu nintzenean, ez nekien zer aurkituko nuen. Albert Rocas eta Garabaya munduko txapeldunak izan dira! Hasieran, arropa aldatzea, isilik egotea eta begiratzea ziren nire kontsignak. Berehala, denak lagunak direla eta sekulako harremana dutela ikusi nuen. Beti ondokoari laguntzeko prest daude. Kalera denok elkarrekin ateratzen gara, afari asko egiten ditugu…
Logroño toki ona al da bizitzeko?
Bai. Bizimodua hemengoaren antzekoa da. Han ere poteatzea gustatzen zaie. Gainera, hiri txikia eta lasaia da. Bakarrik bizi naiz, pisu txiki batean, baina askotan taldekideen etxean bazkaltzen dut. Dena den, behar dudanean, nik neuk prestatzen dut bazkaria. Nik prestatutakoak ez dit inoiz kalterik egin!
Zaletu asko al dituzue?
Bai. Jende asko etortzen da gure partidak ikustera. Zale gehien dituen taldeen artean gaude. Kalean ezagutu egiten naute eta kuadrillakoak harrituta gelditu ziren jendeak zortea opa zidala ikusi zutenean. Lehenengo aldiz autografo bat sinatzeko eskatu zidatenean, txundituta gelditu nintzen.
Gurasoak ere pozik egongo dira…
Noski. Egia esan, oraindik ez dugula asimilatu iruditzen zait.
Jauzia ematea kosta egin zaizula esan al daiteke?
Baliteke. Elgoibarren salto handia eman nuen. Egia esan, nire kasua nahiko arraroa da. Izan ere, sekula ez dut selekzioekin jokatu.
Zergatik uste duzu eman zenuela halako saltoa Elgoibarrera joan zinenean?
Maila altuagoko jokalariekin jokatzen hasi nintzen eta horrek zure maila hobetzera behartzen zaitu. Ordura arte, Gipuzkoa mailan jokatzen nuen. Herrian jokatzen nuen, nire lagunekin, eta eskubaloia ez nuen orain bezain serio hartzen. Nire helburua gure liga irabaztea zen eta nire pentsamenduen artean ez zegoen helburu handiagoengatik borrokatzea. Elgoibarren fisikoki hobeto prestatzen hasi behar izan nintzen: gimnasiora joan, korrika egin, ordu gehiago entrenatu… Orain, askotan, egunean bi aldiz entrenatzen dut.
2,01 metro neurtzen duzu. Beti mutil altua izan al zara?
Bai. Logroñora joan nintzen arte, beti taldeko altuena izan nintzen. Dena den, 16 urte bete ondoren hazi nintzen gehien. 20 urterekin utzi nion hazteari. Gurasoei umea nintzela bi metrora helduko nintzela esan zieten eta asmatu egin zuten.
«Ordura arte egiten nituen hiru entrenamendu, bakar batean egiten zituzten»
«Hasieran bi edo hiru aldiz pentsatzen nuen edozer egin aurretik»
«Albert Rocas eta Ruben Garabaya taldekideak munduko txapeldunak dira!»
«Altuera oso baliagarria da eta taldeek ahalik eta jokalari altuenak nahi dituzte»
Urolakoek gustura hartuko zuten zu bezalako mutil altu bat.
Eskubaloian altuera oso baliagarria da. Talde guztiek ahalik eta jokalari altuenak nahi dituzte.
Beti postu berean jokatu al duzu?
Albokoa naiz, baina Urolan hegaleko postuan jokatzen nuen postu horretan ezkertia behar zutelako. Orduan 1,87 inguru neurtzen nuen. Gehiago hazi nintzenean, alboko postura pasa nintzen.
Zenbat urterako sinatu zenuen Naturhouse taldearekin?
Hiru urterako sinatu nuen. Bi urte gelditzen zaizkit, beraz.
Epe ertainera, non ikusten duzu zure burua?
Naturhouse taldean. Izan ere, Asobal ligan gorago egitea oso zaila da. Bartzelonan munduko onenek bakarrik jokatzen dute. Naturhouse taldeak orain arte bezala jarraitzea eta ni bertan egotea espero dut. Dena den, nire mailak behera egiten badu beste nonbaitera joan beharko dut eta gora egiten badu, beharbada atzerrira.
Ikasten ari al zara?
Enpresa-ikasketak egiten ari naiz. Egia esan, ez da batere erraza eskubaloia eta ikasketak uztartzea.