Unai Lasa, Ordizia Rugby Elkarteko Eguren eta De Castrorekin.
Orain pare bat aste Julen Goia idiazabaldarraren fitxaketa iragarri ondoren, gaur beste fitxaketa baten berri eman du Ordizia Rugby Elkarteak, Unai Lasa orpokatzailearena. Lasa Donostiako Bera Beran hasi zen errugbian jokatzen, eta 2012/2013 denboraldian Gernika Rugbyn aritu zen. Bizkaiko taldearekin Europako Challenge txapelketan lehiatu zen. Hortik Espainiako selekziora eman zuen pausua, eta pasa den denboraldian Maulen (Zuberoa) jokatu du, Frantziako Federal1 Ligan.
Jokalari gaztea da –1990ean jaioa–, baina eskarmentu handikoa. Orpokatzailea izan arren, harroin postura erraz egokitzen da. Fitxaketa honekin lehen lerroa indartuko du Ampo Ordiziak 206/2017 denboraldiari begira. Fitxaketa gauzatzeko harremanak hasi zirenean, elkar ulertzea berehala nabarmendu zela dio OREk, eta laster itxi dela akordioa.
Unai Lasari izan duen jarrera eskertu nahi dio klubaren zuzendaritzak, eta ibilbiderik oparoena desio dio Ordizian abiatuko duen esperientzia berrian.