Udaleko, diputazioko, federazioko eta Txindoki atletismo kideak gaur Donostian, Naroa Agirre atletarekin. Arg./I.Gurrutxaga
Estatuko atleta onentsuenak elkartuko ditu aurten ere Txindoki-Jaso atletismo taldeak antolatutako II. Ordizia Saria-Jose Antonio Peña mitinak. Uztailaren 2an jokatuko da Altamira estadioan, 18:00etan hasita. Guztira 11 proba jokatuko dira, bost emakumezkoetan eta sei gizonezkoetan. Parte-hartzaileen zerrenda asteazkenean jakinaraziko du Espainiako Atletismo Federazioak.
Gaur egingo dute mitinaren aurkezpena Gipuzkoako Foru Aldundian. Iñaki Iturrioz Diputazioko Kiroletako zerbitzuburua, Jon Etxeberria Txindoki atletismo taldeko zuzendari teknikoa, Mikel Odriozola Gipuzkoako Atletismo Federazioko presidentea, Jose Migel Santamaria Ordiziako alkatea eta Naroa Agirre izan dira bertan.
Alde guztiek nabarmendu dute Euskal Autonomia Erkidegoan estatu mailako hiru atletismo proba jokatzen direla soilik, eta Gipuzkoan jokatzen den bakarra Ordiziakoa dela –beste biak Bilbon eta Gasteizen dira–. Iazkoaren balorazio ona egin eta gero, aurten ere antolatzea erabaki du Txindokik, eta ziur da aurten ere puntako atletak biltzea lortuko duela. Hori dela eta, larunbatean Ordiziara joateko deia egin diete atletismo zale guztiei.
Probak eta atletak
Emakumezkoetan probak honakoak dira: 100 metro, 200 metro, 800 metro, luzera eta pertika. 100 metrokoan Alazne Furundarena abiadura-lasterkarik parte hartuko du, eta pertikan, litekeena da Naroa Agirre ere bertan izatea. “Rioko Olinpiar Jokoetara joateko gutxieneko jauzia egiteko hamabost egun ditut bakarrik, eta egokien datorkidan proban saiatuko naiz marka hori lortzen. Ezin du erabat ziurtatu Ordizian izango naizenik”
Mutiletan, aldiz, ondorengoak dira probak: 100 metro, 400 metro, 1.500 metro, luzera-jauzia, gorako jauzia eta 5.000 metrokoa. 100 metrokoan Jonathan Okeudo Zaragozan bizi den nigeriarra, Txindokiko Octavian Romanescu eta Ignacio Camino nabarmentzen dira; 400 metrokoan, Iñigo Perez nafarra eta Guillermo Rojo madrildarra; 1.500 metrokoan atleta askok eman dute izena, eta Chakib Laghar da atleta aipagarriena; 5.000 metrokoan Hassan Oubaddi –13:40ren azpitik osatu nahi du proba.