Ataunen V. Gau Ibilaldi Mitologikoa larunbatean da. Jentilbaratza elkarteak zazpi antzezlan egingo ditu, egunetik gauerako txangoan. San Gregoriotik San Martinera da

Ataungo Gau Ibilaldi Mitologikoa, iazko uztailean. Hiru kilometroko ibilbidean, zazpi antzezlan egingo dituzte. / Aimar Maiz
Bosgarren urtez jarraian, Ataungo Jentilbaratza kultur elkarteak Gau Ibilaldi Mitologikoa antolatu du, euskal mitologiako pertsonaiak, ipuinak eta izaera jendeari erakusteko. Larunbatean izango da, 20:30ean hasita. Ohi bezala, Ataungo San Gregorio auzoko Barandiaran Museotik San Martin auzoko plazara izango da ibilbidea, 3,5 kilometroan.
Hiru-bat orduko iraupena du txangoak, Agauntza errekaren albotik gehienean. «Eguna eta gaua harrapatuko ditugu; bide erdia egunez, beste erdia gauez zuziekin eginez», dio Jentilbaratzeko Santi Etxeberriak.
Mila lagun inguru biltzea espero dutenez, eta herri-bidearen zabalerak jende-uholdea baldintzatzen duenez, bi txandatan banatuko dute. Lehen multzoa 20:30ean abiatuko da museotik, eta bigarrena 20 bat minutu geroago. Aurretik, Barandiaran Museoa, errota eta zerrategi hidraulikoa irekita egongo dira, nahi duenak ikus ditzan. Garraioa eta mokadua jarriko ditu antolakuntzak.
Zazpi antzezlan, Etsai izar

Sorginak, erreka ondoan, ibilbideko une batean.
Mitologiako pasarteak irudikatzeko, Jentilbaratza elkarteko kideek zazpi antzerki motz egingo dituzte, ibilbidean zehar. Urtero historia desberdinak egiten dituzte. Zapatuan,
Jentilak ehizean,
Barandiaran gure arima,
Barandiaran ikasle txikia,
Behi lapurra-Kattalin maitemin,
Sorginen sekretua,
Dar-dar-dar eta
Etsairen dantza antzezlanak ondu dituzte.
Kondairako Etsai pertsonaia izango da izarra. Hiru antzerkitan hura da ardatza. «Etsai pertsonaia berria izango da Gau Ibilaldian. Herriko neska bat bereganatu nahi du».
Joxemiel Barandiaran antropologo ataundarrak jasotako ipuinak dauzkate oinarrian. Maisuari gorazarre egiteko, Perunezahar jaiotetxean —handik igarotzen da herri-bidea—, eta urteroko legez, pertsonaren zertzelada biografiko batzuk antzeztuko dituzte. «Iaz, Barandiaranek Lapurdin judutar bati nola lagundu zion izan zen. Aurten, ume garaiko pasarteak izango dira: eskola-ume zenekoa, gurasoek umila izan behar zuela esaten ziotela, euskaraz arituz gero eraztuna jartzen ziotela eskolan…», dio Etxeberriak.
Bukaeran, San Martingo plazan dantza batekin emango zaio amaiera ibilaldi mitologikoari. Ez dute antzerkirik egingo oraingoan, iaz bezala. Adin guztietako oinezkoentzat da egokia bidaia.
Autobusa doan ibiliko da zapatuan 19:00etan hasita
Mila lagun espero dituzte larunbat iluntzean Ataunen, V. Gau Ibilaldi Mitologikorako. Jentilbaratza elkartekoek garraiorako gomendio bat egin dute: autoa San Martin auzoan aparkatu, eta antolakuntzak jarriko duen doaneko autobusean joan San Gregoriora.
Ibilaldia San Gregoriotik San Martinera denez, bukatutakoan bisitariek euren autoa bertan izango dute, hartara. Autobusa 19:00etan hasiko da zerbitzuan, gora eta behera. Ibilaldi mitologikoa 20:30ean hasiko du lehendabiziko multzoak, eta 20 minutu geroago bigarrenak. Mokadu bat aterako dute, irteeran eta bukaeran.