'Botilzar' taktika eta DYAren asistentzia 25etik 26rako gauean dira aurtengo jaietako nobedadeak. Ai Laket!-ekoak ere egongo dira Arboledan 'Testing' programarekin
Egun gutxi falta dira Santa Ana jaiak hasteko, horregatik festetan martxan jarriko den adikzioen inguruko kanpaina aurkeztu zuten atzo Ordizian. Bertan izan ziren Iñaki Dubreuil ongizate zinegotzia, Lierni Irastorza gizarte langilea, Marixabel Usabiaga DYAko ordezkaria eta Unai Perez de San Roman Ai Laket! kolektiboaren ordezkaria. Aurten, uztailaren 17an eta 25etik 26rako gauean egingo da kanpaina eta horren berri eman zuten atzoko agerraldian.
Hilaren 16an eta 17an, jaietako haurren asteburuan egingo da kanpainaren lehen zatia. Udal arduradunek «prebentzio goiztiarra gakoa» dela uste dute. Hilaren 17a kuadrilla txikien eguna da eta kuadrillen bazkarian gazteenei dekalogoa emango diete, jaiak arriskurik gabe goza ditzaten.
Hezitzaileak kalean
Kanpaina berezi horren bigarren hitzordua hurrengo asteburuan izango da. Hilaren 25eko arratsaldean eta 26ko gauean, Ai Laket! drogamenpekotasun prebentzioan aditua den elkarteak hainbat ekintza burutuko ditu. Mozorro egunarekin eta goizaldeko danborradarekin batera. 19:00etatik gauerdira, kale hezitzaileak kuadrillekin elkartuko dira alkoholaren kontsumo arduratsuari buruz hitz egiteko eta ura eta jakiak eskaintzeko. Taktika hori
Botilzar izenarekin ezagutzen da eta «harrera ona izan du aurkeztu den tokietan» adierazi du Ai Laket! Kolektiboaren ordezkariak, Unai Perez de San Romanek.
Gero, 00:00etatik 03:00ak arte, Ordiziako Arboledan
Testing programa jarriko da martxan. «Nahi dutenek, gainean izan ditzaketen sustantzien kalitatea neurtu dezakete» nabarmendu du Ai Laket kolektiboaren ordezkariak. Doako zerbitzua da eskainiko dena. «Ez da lehenengo aldia Ordiziara etortzen garela, aurrekoetan arrakasta handia izan dugu gainera, eta jende asko hurbildu da gure postura» gehitu du Perez de San Romanek.
DYA ren zerbitzua
Aurtengo beste berrikuntzetako bat DYAk eskainiko duen zerbitzua da. Gaupasaren egunean 22:00etatik 08:00etara, DYAko boluntarioek doako asistentzia emango dute Aita Urdaneta 7-ko egoitzan. Egoitzara zuzenean joan daiteke edota, larrialdi kasuetan, 112 edo 943 46 46 22 telefono zenbakira deitu. Gainera, uztailaren 26ko 08:00etatik aurrera osasun zentroa irekita egongo da, gerta daitezkeen larrialdiei erantzuna emateko.
Azkenik, ostalaritza eta edari alkoholdunak saltzen dituzten dendetara ere idatzi bat bidali da indarrean dagoen legediaren berri emateko eta adin txikikoei alkohol salmenta debekatuta dagoela gogorarazteko. Tabernariei aste honetan zehar beraien lokaletan ipintzeko informazio kartelak emango zaizkie.
«Udal arduradunek, herritarrek jaietan ongi pasatzeko lan handia egin dugu. Bestalde, jaietan gozatu bai baina arduraz jokatzea ere eskatzen diegu herritarrei» nabarmendu du Dubreuilek. Horretaz gain, «gure eskura dauden medio guztiak jarriko ditugu herritarrek jaiak modu politean igarotzeko».