Astigarretako San Gregorio baselizaren barrua./Xabi Eskisabel
Berez, Beasaingo Astigarreta auzoaren goialdean, Usurbe mendiaren magalean dagoen San Gregorio ermitako festa garaia Mendekoste da, maiatzean. Aurten, ordea, uztailaren 17an ere festa handia egin dute. Baselizaren barrualdea berritu dute, eta inaugurazio ekitaldirako jende ugari bildu zen; berrehun bat lagun, lekukoen esanetan.
Eguraldi eguzkitsua lagun, giro ederrean egin zuten igandeko jaia. Juan Luis eta Xabier Eskisabelen txalapartak eta Amaia Eskisabel neskatoaren adarrak egin zuten juntadizorako deia. Ermitan, Donostiako gotzain Jose Inazio Munillak eta Ordiziako parroko Jon Etxezarretak eman zuten meza. Aitor Aldasoro Beasaingo alkatea ere festan izan zen.
San Gregorioren irudia 1983an larputu zuten, ermitatik. Orain dagoena Astigarretako elizatik eramandakoa da.
Ermitaren kanpoaldea./Xabi Eskisabel
Elizkizunetik irteterako, Astigarretako Astauzel auzo elkarteko bazkideek hamaiketako oparoa prest zuten: salda, txorizoa, haragi egosia eta edaria, nahi adina. Udalak jarritako mahai-aulkietan jan zuten, ermitaren aldamenean. Edadetuak eta ezinduak igotzeko, lur orotariko ibilgailuak ere jarri zituzten, Mandubiatik gora eta behera ibili zirenak, garraioan.
Astigarreta auzoaren –1929ra arte udalerri beregain izan zen— oroimen historikoa mantentzeko, Xabi Eskisabelek argazki zahar bat ere eraman zuen. Alzuri argazkilariak 1953an ateratakoa zen, orduko Donostiako gotzain Jaume Font i Andreuk auzora egin zuen bisitakoa. Harekin batera 95 astigarretar azaltzen dira erretratuak, eta guztiak izen-abizenez identifikatzeko ahalegina egin du Eskisabelek. Askoren berri jakin eta apuntatu zuten, denen artean.