Beasaingo Estanda lantegian greba mugagabea hasiko dute bihartik aurrera
Beasaingo Fundiciones Estanda lantegian greba mugagabea hasiko dute langileek, zuzendaritzak 10 langile kaleratzeko hartu duen erabakiaren kontra. Estandaren zuzendaritzak, bideragarritasun plan bat egiteko eskatu zion High Group enpresari, eta plan horren arabera, enpresaren produkzio helburuetara iristeko, langileen “soberakina” legoke. Pasa den ostiralean jakinarazi zieten albistea kaltetutako langileei.
Gaur berriz, enpresako batzordea langileekin bildu da, egoera aztertzeko. Sindikatuen arabera, “enpresaren egoera ekonomikoa ez dator bat hartutako erabakiarekin”, eta greba mugagabea hastea erabaki dute, langileen gehiengoaren babesarekin. Bihar goizeko 06:00etatik aurrera utziko diote lan egiteari, eta goizean zehar protesta egingo dute enpresaren atarian. Izan ere, zuzendaritzakoak etorriko dira, bideragarritasun plana eta hartutako erabakia azaltzera.