Iazko ekainaren bukaeran ere, antzeko tenperaturak izan ziren Goierrin.
Bero handiak iragarri dituzte datozen egunetarako. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, gaur termometroak aise ibiliko dira 35 gradutik gora, eta baliteke 40 gradura arteko maximak ere izatea. Biharko ere, beste horrenbeste, bero handia eta giro sargoria iragarri dute, 39-40 gradura arteko tenperaturekin. Arratsaldean haizea aldatu eta ipar-mendebalaren eraginez, baliteke graduren bat edo beste freskatzea, baina aldaketa handirik gabe.
Asteazkenean etorriko da aldaketa. Ipar-mendebaldeko haizeari esker tenperaturak jaitsi egingo dira, nahiz eta barrualdean, 30 gradutik gora ere egin dezakeen. Hodeiak ere agertuko dira, eta baliteke han-hemenka zaparradaren bat edo beste botatzea ere.
Bero kolpearen aurrean, ondo hidratatzeko, itzaletik ibiltzeko eta adinekoekin eta haurrekin kontu handia izateko deia egin dute.