Barrualdearen tiradizoa
Goierri beheak eta Tolosaldeak 2008an abiatutako lankidetza berretsi, eta turismo gida berritua aurkeztu dute ‘Euskadiko bihotza’ goiburupean. Donostiako turismo bulego berrian haien ...
Goierri beheak eta Tolosaldeak 2008an abiatutako lankidetza berretsi, eta turismo gida berritua aurkeztu dute ‘Euskadiko bihotza’ goiburupean. Donostiako turismo bulego berrian haien lekua izango dute bi eskualdeek.
Goierri beheko eta Tolosaldeko 46 herriren informazio turistikoa biltzen duen 48 orrialdeko gida berria aurkeztu dute asteon Tolosako Topic zentroan Goiturrek eta Tolosaldea Garatzenek. Berritasun nagusiena gidaren formatoa bera da, orain artekoa karratu antzekoa bazen, oraingoa luzetaka diseinatu dute, Donostiako eta Gipuzkoako turismo giden tankeran. Euskarazko eta gaztelerazko bertsioak ez ezik, inglesezko eta frantsesezko 3.000 ale argitaratu dituzte.
Gida berriaren goiburua Euskadiko bihotza da, eta uztailaren lehenetik Donostiako Bulebarrean irekita dagoen turismo bulego berrian aurkitu ahal izango dute bisitariek bi eskualdeei buruzko informazio guztia. Hiriburuak berezko duen erakarmen indarra barrualdera begirako turismoa indartzeko baliatzea garrantzitsua dela uste du Maite Cruzadok, Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo zuzendariak. Aipatzekoa da asteazken eta larunbatetan Ordiziako eta Tolosako azokak ezagutzeko bisita gidatuak martxan dituztela dagoeneko.
Turismo gastronomikoa
Turismo gastronomikoa da Goierriren eta Tolosaldearen indargune nabarmenetako bat da, eta gida eraberrituak ederki jasotzen du alderdi hori. Hiru ataletan banatuta dago: esperientzia gastronomikoekin hasitako eskaintza, naturaz nahiz kulturaz gozatzeko ideiekin biribiltzen du argitalpenak. Bertsio eraberrituan, gainera, mitologiak tarte berezia du, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako turismo sailak sustatuta: Mariren Zuhaiztia, Aralarko txokoak eta Barandiaran museoa ezagutzera gonbidatu nahi dituzte bisitariak.
Bi eskualdeen arteko elkarlana «barrualdeko herrientzat lerro estrategikoa» dela iritzi dio Olatz Peon Tolosako alkate eta Tolosaldea Garatzeneko presidenteak, norbere baliabideak optimizatzeko bidea dela esanez: «Izateko eta bizitzeko modu bat erakusten du». Felix Urkola Lazkaoko alkate eta Goiturreko presidentearen ustez, sinergia horrek hainbat produktu turistiko elkarrekin sortzea ahalbidetu du. «Horren adibide garbia da Trail estazioa. EAEn lehena da, eta espainiar estatuan ere aitzindarietako bat».
Gero eta garrantzia gehiago du turismoak Goierriko barne produktu gordinean –%7,6koa zen 2011n–, eta joerak goranzkoa izaten jarraitzen du.