Estandako langileek manifestazioa deitu dute bihar eguerdirako
Astearteaz geroztik, greba mugagabean dira Beasaingo Fundiciones Estanda enpresako langileak eta bihar, 12:00etan hasita, Despidorik ez! lelopean, manifestazioa egingo dute Estandatik udaletxera bitartean.
Aurreko astean zuzendaritzak langile soberakina zegoela argudiatuta egin zituen hamar langileren kaleratzea da grebaren arrazoietako bat.
Gaur 11:00etan, enpresaren kudeatzailearekin eta abokatuarekin bigarren bilera egin du enpresa batzordeak eta adostasunik gabe bukatu da. Grebarekin jarraitzea erabaki dute beraz Estandako langileek.
LAB sindikatuko Ezekiel Etxezabalek bileraren ondoren adierazi duenez, «abokatua kaleratutako langileen abokatuekin jarri da harremanetan. Berak esaten du beraiekin berehala iritsiko dela akordio ekonomikotara».
Dena den, Estandako langileek egiten duten eskaera, hala nahi duten kaleratutako langileak berriz enpresan hartzea da: «Gu greban gaude kaleratuek lanera itzuli nahi dutelako. Itzuli nahi ez dutenak ere badaude, baina hori gauza pertsonala, bakoitzak erabakiko du akordio ekonomikoa hobea lortu edo enpresara itzultzeko borrokatu. Guk greban jarraitzen dugu albiste berriak eduki arte», gaineratu du ELAko Endika Gomezek.
Sindikatuetako ordezkariak nabarmendu dutenez, gaurko bileran, Estandako langileen enplegua bermatzeko dokumentu bat adostu eta sinatzea erabaki dute. Dokumentu horren zain daude. «Guk eskatzen dugu, orain arte egin den bezala, enpresa batzordearekin adostu behar dela edozein kaleratze. Egin nahi duten berregituraketa horretan guk ere parte hartu nahi dugu. Lehen ere berregituraketak eta kaleratzeak izan dira, baina denon adostasunarekin izan dira”.