Gorostitxuko borda. Argazkia: Wikiloc
Aralarko mendi pistaren inguruan ateratako informazioen harira, Jose Miguel Santamaria Enirio-Aralar Mankomunitateko lehendakariak zehaztapen batzuk egin zituen atzo bertan. «Orain egitea onartua dagoen bakarra Goroskintxuraino» dela esan zuen, pistari buruz.
Gogoratu du irailean 2014ko hitzarmena beteko zutela agindu zuela. Eusko Jaurlaritzak, Haziren bidez, 200.000 euro emango zituen, «txabola batentzat eta Goroskintxuko pista egiteko. Aurreko legealdian onartu zena baieztatu genuen, aho batez». Iazko abenduan jaso zuten dirua.
Urtarrilaren 2an mendian izan ziren, «tokia ikusteko». «Berriz denak ados. Artzainen eta ganaduzaleen baldintzak aztertu genituen, txabolak, bideak planteatzeko beharra, wifi konexioa, mendiko gazta proiektua… Hau da, artzainen beharrak», dio Santamariak.
Goroskintxuraino onartua
Enirio Aralarren «ekosistemaren mantenurako» artzainak beharrezkoak direla dio, eta «belaunaldi aldaketarako oinarrizkoak diren zerbitzuak» bermatu beharra du Mankomunitateak.
«Goroskintxuko proiektua martxan jarri dugu, eta horrekin baliatuz gunea aztertu da. Orain egitea onartua dagoen bakarra Goroskintxuraino da», aipatu du Ordiziako alkateak —hura da beti Enirio-Aralar Mankomunitateko lehendakaria—.
Era berean, Landarlanekin asteartean bilera «luzea» izan zutela azaldu du. «Landarlaneko kideak lantaldean parte hartzera gonbidatu genituen, han ere gaia aztertuko delako».