Ordiziako Nahikari goxoki dendakoak 2002. urtean hasi ziren mozorrotuei argazkiak ateratzen gaupasaren gauean .1.500 argazki baino gehiago bildu dituzte 14 urte hauetan
Ordiziako Nahikari goxoki dendakoek, Santa Ana festetako gaupasaren gauean ateratako argazkiekin erakusketa jarri dute dendaren kanpoko aldean. Ohitura bihurtu da gau horretan mozorrotzen direnak dendatik pasa eta argazkia ateratzea.
Dendako jabea den Txemi Arteagak azaldu duenez, 2002an hasi zinen ekimen horrekin. «Jendea mozorrotuta sartzen zen dendara eta argazkiak ateratzea erabaki genuen». Urte hartan «15-bat argazki» atera zituztela gehitu du. Hurrengo goizean erakusleihoan jarri zituzten, eta jendearen harrera «oso ona» izan zen: «Erakusleihoa jendez betetzen zen, barre algara batean».
Nahikariren 29. urteurrena
Uztailaren 1ean 29 urte bete zituen Ordiziako Nahikari goxoki dendak. «Urteurrena modu berezian ospatu nahi genuen eta argazki erakusketa egitea bururatu zitzaigun» esan du Arteagak. Azkeneko 14 urte hauetan festetan argazkiak atera dituzte eta «1.500 baino gehiago» dituztela bilduta dio. Udaletxeari baimena eskatu eta baiezkoa eman zieten kalean argazki erakusketa jartzeko. «Lan handia egin dugu argazkiak sailkatzen eta paneletan jartzen, baina oso gustora gelditu gara emaitzarekin» aitortu du Nahikarikoak.
«Lehenengo urte hartan 15 baino ez genituen atera eta urtetik urtera jende gehiago gerturatzen joan da dendara. Argazki gehien atera genituen urtean, 173 atera genituen eta 300-bat pertsona pasatzen dira urtero taldeka, banaka, bikoteka…» azaldu du. Hurrengo urteetan ere berdin jarraituko duten galdetzerakoan, «noski baietz! Datorren urtean ere erakusketa egitea gustatuko litzaiguke» erantzun du Arteagak.
Gaupasaren gaueko mozorrotuen argazki erakusketa, Nahikari dagoen kalean, Etxezarreta kalean dago ikusgai hain zuzen ere. Ostiraletik igandera ikusi daiteke 16:00etatik aurrera. Festetan egunero egongo da.