Gorka Urbizu: «Gure filosofia aurrera egiteko grinari eustea eta gozatzea izan da beti»
Lazkaoko Gerriko elkartea jendez lepo dela, Berri Txarrak taldeaz eta musikaz hitzaldia egin du Gorka Urbizuk (Lekunberri, 1977). Sei abesti akustikoki joz eta kantatuz borobildu du elkarrizketa.Udako kontzertuak bukatuta, eta Europako jira hasi aurret...
Lazkaoko Gerriko elkartea jendez lepo dela, Berri Txarrak taldeaz eta musikaz hitzaldia egin du Gorka Urbizuk (Lekunberri, 1977). Sei abesti akustikoki joz eta kantatuz borobildu du elkarrizketa.
Udako kontzertuak bukatuta, eta Europako jira hasi aurretik, Lazkaon tartea hartu duzu. Zer, eta musikaz hitz egiteko.
Bai, musikari edo musikazaleak nahiko monotematikoak izaten gara. Artza anaia lazkaotarrak lagunak ditut, eta deia jaso nuen, musikari buruzko hitzaldi bat egin nahi zutela eta, Gerrikon. Agendak utzi digu, eta hemen gaude.
Gaur egun, zer aldarterekin hitz egin daiteke musikari buruz? Odol txarrez, onez; animoz ala tristeziaz?
Musikak zerbait ona baldin badu, da etengabe eraberritzen ari dela. Batzuek esaten dute rock-and-rolla hil dela, edo ia dena asmatuta dagoela. Nik ez dut hala uste. Gauza da ez dakigula zer etorriko den. Baina gaur, gainera, sekulako aukera daukagu talde berriak ezagutzeko. Eta zaharrak, galdu ditugunak, artean jaio gabe geundelako ezagutu ez genituenak edo beste estilo batean sartuta geundelako buru-belarri. Niretzako oraindik magia puntu bat dauka horrek. Elkarri taldeak gomendatzen aritzen gara, eta hori asko gustatu izan zait, beti.
Itxaropentsu zaude, beraz, musikaren egoerarekin. Eta Euskal Herriko mugidaz? Ondo dago, ala hobea izan zitekeen?
Hori, noski, hobea izan zitekeen. Uste dut nahiko aro arraroa tokatu zaigula, gaur egungo hau. Industria musikala eta musika kontsumitzeko modua aldatu egin da. Bestetik, beharbada, rock-and-rollak belaunaldi berriekiko lotura galdu egin du. Hori erlatiboa da, baina egia da gaur egungo gaztetxoak beste mota batzuei begira gehiago daudela.
Baina, bestela, garen herrirako eta komunitate txikirako, oso talde onak dauzkagu, eta irteten ari dira. Besterik da ea publikorik dagoen denentzako. Paradoxa da hori: ematen du Internetekin eskura daukagula komunikazio zuzena, edozer gauza grabatu eta egunean bertan jar dezakezu mundu osorako. Baina, aldi berean, halako gehiegizko erakuste bat ekarri du horrek, eta jendeak ez dauka denborarik dena entzuteko. Hein batean, zailagoa da zure tokitxoa bilatzea.
Lazkaoko hitzaldira gazte asko etorri da. Seinale ona da bada.
Bai. Nik beti eszenari buruz hitz egiten dut, baina gero, beste gauza bat da Berri Txarraken ibilbidea. Gu pribilegiatuak gara. Nahiz eta bi hamarkada baino gehiago daramagun, oraindik belaunaldi berriek entzuten dituztelako Berri Txarraken disko berriak. Hori oso gauza handia da, eta baloratzekoa. Kontzertuetan azkeneko diskoaren alde egiten dugu apustua, gustatzen zaigu eraberritzea. Eta ikusten dugu kantu berriekin ere jendea engantxatu egiten dela.
Zein da horren gakoa? 1994an hasi, orduko musikariek utzi zuten taldea, nazioartera zabaldu zineten gero. Baina beti goian dago Berri Txarrak.
Gakoa, nik uste dut, lana eta konstantzia dela. Gaur egun, beharbada, oso boladan ez dauden kontzeptuak dira. Guk, hasieran, ez geneukan inongo asmo handirik edo helburu finkorik. Baina bai geneukan argi gozatzeko etorri ginela hona, eta epe luzerako zerbait zela. Gure filosofia beti izan da aurrera egiteko grinari eustea. 1994 hartan hasiberriak ginen, eta denak bezala ibili ginen: gure maketatxoa tabernetan utzi, kontzertuetan lau katu aurrena, zortzi gero, hurrena hamasei badira hobeto…
Amerikako Estatu Batuetara jo duzue, azken urteetan, diskoak grabatzera. Koska bat igotzeko edo estutzeko balio izan du?
Egia da gure eragin asko musika anglosaxoitik datozela, Estatu Batuetatik eta Ingalaterratik. Hara joatea ez da izan soinu aldetik koska bat igotzeko; ez nuke esango. Hemen estudio on askoak daude, eta lehendabiziko bost diskoak hemen grabatu genituen. Orain ere ez daukagu inongo arazorik ez dakit zeren aldeko edo kontrako kantu bat hemen grabatzeko. Teknikarien mailan ez dago hainbesteko koskarik.
Egia da, bestalde, gu mitomanoak ere bagarela. Albini batekin grabatzeko aukera izatea, edo Bill Stevenson batekin… Guk prozesuan ikasten dugun horrek ez dauka preziorik. Ekoizlearen aldeko apustua egin dugu. Horretan bai, uste dut hemen oraindik bide bat badagoela. Ekoizlearen figura ez da gehiegi landu edo erabili. Eta interesgarria da taldearentzako, batez ere zure kantuak beste baten eskuetan jartzen dituzulako. Konfiantza truke bat dago hor, eta, normalean, emaitza espero ez duzun zerbait da. Onerako, eta batzuetan txarrerako ere bai agian.
Zuk Goierriko jatorria baduzu.
Bai, badaukat bai. Aita zegamarra dut, aspaldian Lekunberrin bizi bada ere. Ezkondutakoan joan zen. Lehengusu piloa dauzkat Zegaman. Txikitan gehiago joaten ginen, baina beti egiten dit ilusioa Zegamara joateak.












