BKL taldeak 200 jokalari eta 17 talderekin ekingo dio 2016-17 denboraldiari
Beasaingo Kirolaren Lagunak (BKL) saskibaloi klubak 200 jokalaritik gora eta 17 talde izango ditu denboraldi berrian. Gaur egin dute taldearen aurkezpen ofiziala herritarren aurrean, desfilearekin eta La Salla ikastetxean egin duten ekitaldiarekin.
Denboraldi berezia izango du datorren hau BKL taldeak, izan ere, kluba sortu zeneko 50. urtemuga beteko dute. La Salle ikastetxean sortu zen Beasaingo saskibaloi taldea 1967. urtean, eta hantxe elkartu dira gaur, denboraldi berriaren aurkezpena egiteko. Urtemuga hori dela eta, taldearen ekipazio berriak ere aurkeztu dituzte.
Festa giroko ekitaldia izan da. Eguerdi partean, Igartza jauregitik abiatu eta plazaraino joan dira jokalari eta teknikari guztiak, trikitilariek eta Aker eta Igela maskota ezagunek lagunduta. Behin La Salle ikastetxeko kantxan, talde guztiak banaka aurkeztu dituzte. Alebinetatik hasi eta senior mailara, guztira 17 talde izango ditu klubak, eta 200 jokalari inguru ariko dira horietan. Horiei, saski eskolan parte hartuko duten 100 haurrak gehitu behar zaizkie. Horiek denak gobernatzeko, 30 entrenatzaileko taldea osatu dute. Babesle guztiei eskerrak emateko ere aprobetxatu dute ekitaldia.