Garaipen garrantzitsua lortu du Ampo Ordiziak Getxon
Denboraldiko aurreneko partida galdu eta gero, partida garrantzitsua zuen asteburuan Ampo Ordiziak, Getxoren aurka, Fadura zelaian. Horretaz jakitun, garaipenaren bila joan ziren Wade Kellyren mutilak, eta jokalarien eta zaleen morala igotzeko moduko emaitza lortu zuten. Ordiziak 18-39 irabazi zuen, erasoko bonusa eta guzti lortuz. Klubeko ordezkariak ere gustura agertu dira, emaitza onaz gain, taldeak “lan serioa” egin duelako eta “kanpaina honi begira jokoa sendotzen” ari direlako.
Ordiziakoak gogor saiatu ziren erasoan, eta etxekoek “antsietate handia” erakutsi zuten defentsan, batez ere Valentin Cruz argentinarra gelditu nahian. Ezintasun hori aprobetxatuz, Imanol Aldanondok eta Christian Rustek aukera bana aprobetxatu eta aldea atera zuten markagailuan. Bigarren zatian ere beste horrenbeste gertatu zen; hasieran erasoan lan handia egin arren, denbora erditik aurrera etorri ziren emaitzak.