Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde egunaren biharamunean, alderdi politikoetako ordezkari goierritarrek emaitzen balorazioa egin dute Goierriko Hitzarentzat. Lerro hauetan bildu ditugu haiek esandakoak:
«Gora egin dugu bai botoetan, bai ehunekotan eta bai eserlekuetan»
Luke Uribe-Etxebarria (EAJ)
Hauteskundeotan EAJk «bai botoetan, bai ehunekotan eta bai eserlekuetan gora» egin duela nabarmen du Luke Uribe-Etxebarriak. Era horretan, eskerrak eman nahi izan ditu « gugan jarri duten konfiantza maila handiagatik». Beasaindarrak zehaztu duenez, «ardura» dute orain: «Iragarritako eta agindutako guztia orain betetzea da gure eginkizuna». Hilabete eta erdirako gobernua egotea aurreikusten du. «Oraingoan, edozein talde parlamentariorekin lortuko genuke gehiengo absolutuaren langa hori gainditzea». Dena den, gaurtik aurrera, alderdi guztiekin hitz egingo dutela zehaztu du: «Orri txuri batekin goaz eta talde parlamentario guztiekin ikusi nahi dugu zein adostasun maila daukagun. Gobernu sendo eta indartsu bat nahi dugu».
«EH Bildu gobernu alternatiba gisa indartu dute hauteskundeek»
Miren Larrion (EH Bildu)
Orokorrean, ezustekorik ez du hartu EH Bilduk hauteskunde emaitzen inguruan. «Kasu honetan bai, inkestek asmatu dute», dio Miren Larrionek, Arabako zerrendaburu legazpiarrak. Koalizioari dagokionez, EH Bilduren 17 zizeiluak «ilusionagarriak» dira. «Oso pozik gaude. Hainbat jiteren ondoren, beherakada nabarmena izan genuen; autokritika egin eta eta baliabideak jarri genituen horri buelta emateko. Gure erronka hori zen, eta jendearen erantzuna gu babestea izan da». EH Bildu gobernurako «alternatiba» gisa indartu dute hauteskundeek. «Indartsu garen heinean, herri honen norabidean aldaketak berma ditzakegu». 75etik 57 eserleku «erabakitze eskubidearen alde» dira orain: «Horren baitan akordioak planteatuko ditugu».
«Lurralde hau gobernatzeko gai garela erakutsiko dugu lau urteotan»
Monica Monteagudo (Elkarrekin – Ahal Dugu)
Egindako lanarekin eta lortutako emaitzekin «oso pozik» agertu da Elkarrekin-Ahal dugu koalizioko Monica Monteagudo. Hamaika eserlekurekin Eusko Legebiltzarrera sartzeak «EQUO, Podemos Euskadi eta Ezker Anitza-IUk osatzen dugun kolizio politikoaren sendotzea dakarrela» adierazi dio Hitzari. Lehenengo aldia da koalizioa Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan parte hartzen duela eta «arrakasta ukaezina» dela esan du Monteagudok. Aurrerantzean «justuagoa, berdintsuagoa, demokratikoagoa, berdeagoa, solidarioagoa eta etorkizun gehiagoko Euskadi lortzea» izango da taldearen erronka eta hurrengo lau urteetan «lurralde hau gobernatzeko gai garela erakustea» izango da eginbehar nagusietako bat.
«Uste genuen baino eserleku gutxiago lortu ditugu; ez dira emaitza onak izan»
Oscar Valbuena (PSE-EE)
PSE-EE orain arte egindakoarekin eta aurkeztutako programarekin «koherentea» izan dela uste du Oscar Valbuena PSE-EEko hautagaiak. Hala ere, lortutako emaitzekin ez da gustura agertu. «Uste genuen baino eserleku gutxiago lortu ditugu, bederatzi; ez dira emaitza onak izan». Legazpiarraren ustez bi faktore nagusik eragin dute. Batetik, PSE-EEren bozkatzaileen artean abstentzio handia izan dela uste du. «Bestetik, jende askok EAJri eman dio boto utila», adierazi du. Gobernua osatzeko zein aukera ikusten dituen galdetuta, ondorioak ateratzeko goizegi dela iritzi dio Valbuenak: «Ikusi egin behar da zein politika mota jartzen diren mahai gainean». PSE-EEren lehentasuna agenda soziala izaten jarraituko duela adierazi du.
«Oso pozik gaude, Gipuzkoan bi eserlekuei eustea lortu baitugu»
Begoña Pereira (PP)
Begoña Pereira Alderdi Popularreko hautagaia gustura ageri da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan lortu duten emaitzarekin, nahiz eta 23.000 boto eta eserleku bat galdu dituzten. «Oso pozik gaude. Gipuzkoan bi eserlekuei eustea lortu dugu eta, horri esker, euskaldunak eta espainiarrak sentitzen diren boto emaileak ordezkatuta egongo dira». Gipuzkoarren alde lan egingo dutela gehitu du. «Gipuzkoarron eskubideen alde borrokatzen jarraituko dugu, EAJk Bizkaiaren alde egiteko joera duela baitirudi». Gutxi gorabehera emaitza hauek espero zituztela azaldu du. «Espero genituen emaitzak lortu ditugu. Beste batzuenak askoz ere okerragoak dira. Eskerrak eman nahi dizkiet botoa eman digutenei, bihotz-bihotzez».