‘Irimogaine’ rogaine proba egingo dute hilaren 16an
Hilaren 16an Urretxuko rogaine orientazio probaren lehen edizioa egin dute. Irimo mendian egingo dute eta nahi duten guztiek parte har dezakete, bakarka edo taldeka. Bukaeran paella-jana egingo dute Santa Barbarako
Hilaren 16an Urretxuko rogaine orientazio probaren lehen edizioa egin dute. Irimo mendian egingo dute eta nahi duten guztiek parte har dezakete, bakarka edo taldeka. Bukaeran paella-jana egingo dute Santa Barbarako aterpetxean.
Rogaine Australian asmatutako orientazio kirol bat da. Antolatzaileek parte hartzaileei mapa bat ematen diete eta bertan baliza batzuk azaltzen dira. Urruti dauden balizek eta zailtasun teknikoa dutenek puntu gehiago ematen dituzte gertu daudenek eta errazak direnek baino.
Parte hartzaileek hiru ordu dituzte ahalik eta puntu gehien lortzeko. Urretxuko proban bi aukera egongo dira. Kirol hori ezagutzen ez dutenek Open Horian parte hartu ahal izango dute eta dagoeneko adituak direnek Open Gorrian. Batean eremua txikiagoa izango da eta 19 baliza egongo dira. Gorrian 35 baliza egongo dira. Parte hartzaileek pultsera bat eramango dute eta baliza batera heltzen diren bakoitzean eskua bertara gerturatu behar dute.
Parte hartzaileei 08:45etik aurrera egingo diete harrera Santa Barbaran. 09:45ean azalpen tekniko labur bat egingo dute eta 10:00etan probari irteera emango diote. 13:00etan helmuga itxiko dute eta ondoren bazkaria egingo dute.
Parte hartu nahi dutenek gotorientazioa.org webgunean eman behar dute izena, asteartea baino lehen. Federatuek 10 euro ordainduko dute eta federatuta ez daudenek 15 euro (paella eta opari zozketa barne).
Aurkezpena
Irimogaine proba atzo arratsaldean aurkeztu zuten Urretxuko udaletxean. Aurkezpenean Iñaki Casas antolatzaileak eta Jon Luqui alkateak parte hartu zuten.
Casasek Goierri garaiko lehen rogaine proba dela esan zuen eta herritarrak parte hartzera gonbidatu zituen. «Duela bi urte ezagutu nuen kirol hau eta izugarri gustatu zitzaidan. Kirola egiteko, natura ezagutzeko eta burua nekatzeko balio du. Gure helburua kirol hau ezagutzera ematea da. Hori dela eta, Open Horian Irimora igotzeko gai den edonork parte hartu ahal izango du. Open Gorriak Irimo iparraldea ere hartuko du. Bertako pagadiak zoragarriak dira eta mundu guztia txundituta utziko dute. Jendea anima dadila, ez da batere zaila eta».
Alkateak ere jendea parte hartzera animatu zuen. «Antolatzaileei berehala baiezkoa eman genien, egitasmo honek natura, kultura eta aisia bultzatzeko balio baitu. Antolatzaileei eta Goierri kirol elkarteari eskerrak eman nahi dizkiete egin duten lanagatik. Baita Santa Barbara aterpetxeko Iñaki eta Manexi ere. Herritarrak parte hartzera animatu nahi ditut. Rogainea jolasa eta estrategia da, baina batez ere taldean egiten den kirol bat», amaitu zuen.