Zeraingo Herri Kandidaturak Jakoba Errekondoren "kaleratzea" salatu eta alkatearen dimisioa eskatu du udaletxearen aurrean egin duen elkarretaratzean.
Zeraingo Udalak Zeraintzen SA sozietate publikoa disolbatzea erabaki du, “urtez urte galerak izan dituelako”. Zeraintzenek bi langile ditu eta udalaren esanetan, “bi langileei udaleko langile izateko aukera eskaini diegu subrograzioaren bidez, udalaren nahia bi langileak udal langile bilakatzea delako”.
Bi langileetako batek udalaren aukera “hobetsi” duela zehaztu du udalak, “baina besteak, Jakoba Errekondok, hasieran subrogazioa eskatu badu ere, gero iritziz aldatu du eta udaleko baldintzetan ez du subrogatu nahi izan. Langile honek azken urteetan lanaldi osoa izan arren, astean bi egunez egin du lan”. Udalaren oharrak dioenaren arabera, “Zeraingo kasuan praktikan bi eguneko lanaldiarekin nahikoa izan da Zeraingo proiektua aurrera ateratzeko. Gauzak horrela, eta Jakobak Zeraingo proiektuari egindako ekarpena baloratzen dugulako, lanaldia %40tik %50a igotzeko proposamena luzatu diogu, udal teknikari kategoriarekin jubilatu artean. Azkenean berak proposamen bat luzatu dio udalari, eta nahiago izan du udalean ez sartzea. Proposamen hori aintzat hartuta bien aldeko adostasun osoarekin, Jakobarena eta udalarena, akordio ekonomiko batera iritsi gara”.
Udalaren esanetan, “herritarrek urte hauetan guztietan egindako lana eskertzeko eta agur esateko aukera izango dute urriaren 20an arratsaldez, udalaren ekimenez eta Jakobarekin adostuta jarritako orduan”.
Urriko herri batzarrean, emango dute gaiaren berri, “2016an hiru batzarretan heritarrek egoeraren berri izan dute. Hurrengo herri batzarrean ere, orain arte bezala, gardentasunez gaiaren inguruko xehetasunak emango dizkiegu herritarrei”. Azkenik, Zeraingo proiektua “zeraindar guztiok” egiten dutela gogoratu du.
Alkatearen dimisio eskaera
Zeraingo Herri Kandidaturak, gaur iluntzean, elkarretaratzea egin du Jakoba Errekondoren “kaleratzea” salatzeko. ZHKren esanetan, “azken 24 urteotan Zerainen garapenaren arima izan den Jakoba Errekondo udal teknikaria kaleratu du EH Bilduren udalak. Jakoba Errekondoren kaleratzearekin udalak Zeraingo herri proiektua kaltetu, emandako hitza jan eta langileen eskubideak larri zapaldu ditu”.
Udaletxearen aurrean irakurri duten adierazpenak dioenez, “Jakoba Erekondo udaletxeko iragarkien taulan irakurrita enteratu zen udalak Zeraintzen disolbatzeko asmoa zuela. Alkate eta zinegotziekin elkartu eta hauek salatzen diote teknikariari berak egiten duena ez dela etikoa (Jakoba Errekondok jardunaldi osoko kontratua du, baina aurrez hala adostuta, egunero presentzialki ez da udaletxean egoten, baizik eta etxetik ere egiten du lana asteko egun batzuetan”. Udalak jardunaldi erdia eskaini zion: “Kaleratze objektiboa deritzona sinatzen dute teknikariak eta udalak, horrela kalte ordaina jaso eta langebeziara joan ahal izateko”.
ZHKk azpimarratu duenez, “Errekondo Zerainen lanean hasi zenetik, diru laguntza publikotan 2 milioi euro baino gehiago etorri dira Zeraingo herriko garapen sozioekonomikora, herrian bertan jarduera ekonomikoa nabarmen hazi dda eta herri proiektuarekin zuzenean edo zeharka lotuta, 20 lanpostu baino gehiago sortu dira”.
Era horretan, erabaki “larri, onartezin eta injustu” horren aurrean, “Zeraingo herritarrok exijitzen diogu, atzera egin, herritarrei hitza eman eta Arantza Ruiz de Larrinaga alkateak dimititzeko”. Horrekin lotuta, udalari exijitu diote “udalaren gaitasun ezaren eta giza lege gabeziaren adierazle den erabaki injustu eta onartezin honen aurrean, atzera egiteko bai erabaki honetan eta bai elkarbizitzaren eta Zerainen kontra egiten ari den bide itsu eta noragabean”.