Ana Usabiaga ordiziarrak urrezko hiru domina lortu ditu Espainiako Txapelketan
Ana Usabiaga txirrindulari ordiziarrak lan bikaina egin du asteburuan, Palma de Mallorcan (Herrialde Katalanak) jokatutako Pistako Espainiako Txapelketan. Euskal selekzioarekin batera parte hartu du ordiziarrak, eta urrezko hiru domina lortu ditu.
Ostiralean hasi ziren txapelketako aurreneko lasterketak, eta Usabiaga, emakumezkorik onena izan zen puntuaketa proban. Larunbatean berriz, scratch probako finala irabazi zuen, eta igandean osatu zuen hirukoa, taldekako abiadura proban, Tania Calvo arabarrarekin batera, Kataluniako selekzioari irabazita. Igandean gainera, erakustaldi moduan egin zuten Madison proba ere irabaztea lortu zuen ordiziarrak, Ziortza Isasi taldekidearekin batera. Emakumezkoetan orain arte egin den aurreneko Madison proba izan da.
Euskadi Irratian egindako adierazpenetan, “oso pozik” agertu da Usabiaga. Espainiako Txapelketa “egutegian gorriz markatuta” zuela azaldu du eta “gogoz” zetorrela. Hala, “egindako lan gogorrak bere fruitua” eman duela azaldu du. “Txapelketa osoan zehar oso ondo sentitu naiz, sentsazio onak izan ditut hasieratik”. Emaitzak ere “oso onak” izan dira, eta “oso pozik” dago bai berak eta bai bere taldeak egindako lanarekin.