Saritutako Idiazabal Jatorri Izendapeneko gaztagileak, Joxe Mari Uztarrozekin eta Ioritz Imazekin.
Piriniotako artisau gazten lehiaketa egin dute asteburuan Kataluniako Seu D’Urgell herrian. Bertan, Pirinioekin lotura duten hainbat herrialde eta jatorri izendapenetako gaztak lehiatzen dira, horien artean Kataluniakoak, Aragoikoak, Frantziakoak eta Euskal Herrikoak. Guztira, 120 gazta ezberdinek parte hartu dute lehiaketan, eta 40 lagunek osatutako epaimahaiak dastatu eta aukeratu ditu. Idiazabal jatorri izendapeneko hainbat ekoizle saritu dituzte bertan; horietan artean, Joxe Mari Jauregi eta Eli Gorrotxategi goierritarren La Leze gaztandegia eta Gabiriako Baztarrika sendia.
Ardi esnnez egindako gaztaren modalitatean saritu dute La Leze, urrezko dominarekin. Eginoko SAT Olano gaztandegiak berriz, brontzezko domina jaso du. Gazta zaharren atalean ere, Goierriko beste gaztandegi bat, Gabiriako Baztarrika, saritua izan zen, kasu horretan, zilarrezko dominarekin.
Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapenaren kontseilu arautzaileak bere poza agertu du, honelako lehiaketetan Idiazabal gaztak duen harrera onagatik. Hala, “sari guzti hauek gure artzaiek egiten duten ahalegin, ilusio eta ondo egindako lan gogorraren errekonozimendua” direla azaldu dute.