Etxeko taldea nagusi izan zen igandean, Valladolideko Pepe Rojo zelaian jokatutako partidan. // Argazkia: VRAC Quesos Entrepinares
Bazekiten arerio gogorra zutela parean; VRAC Quesos Entrepinares harri gogorra zela; eta gainera etxean, Pepe Rojo zelaian, mendean hartzeko oso talde zaila zela. Hala ere Ampo Ordiziako jokalariak gogotsu atera ziren zelaira, eta bosgarren minuturako, Oier Goiak entsegu batekin, eta Valentin Cruzek kolpea gauzatuta, aurretik jarri zituen ordiziarrak. Etxekoen erantzuna berehala iritsi zen ordea; handik bi minutu eskasera, Alvaro Abrilek entsegua lortu baitzuen.
Lehen ordu erdian partida orekatuta egon zen, eta markagailua, Giffithsen eta Cruzen zigor kolpe banarekin bakarrik mugitu zen. Handik aurrera ordea, etxekoen nagusitasuna gero eta nabarmenagoa egin zen zelaian, eta ondorioz, baita markagailuan ere. 27. minutuan etxekoen bigarren entsegua etorri zen. Bi taldeek beste zigor kolpe bana lortu zituzten, eta 20 eta 13koarekin atsedenaldira joan zirela zirudienean, etxekoek beste bi entsegu lortu zituzten 39. eta 40. minutuetan. Horrek jota utzi zuen Ordiziako taldea, eta partida erabat puskatu zen.
Bigarrenean, partidan sartzeko ahalegina egin zuten ordiziarrek, baina 47. minutuan, epaileak Unai Lasa kanporatu eta kontrako zigor kolpea adierazi zuenean, taldeak berriz ere behera egin zuen. VRACek lasaiago jokatu zuen handik aurrera, eta ordiziarren pare bat akatsi probetxua ateraz, beste bi entsegu egin zituzten. Dena kontra izanda ere, ez zuten amorerik eman ordiziarrek, eta bost minuturen faltan, Asier Kortak azken entsegua lortu zuen.
Amaieran, 55 – 18, alde handiarekin irabazi zuen etxeko taldeak, nahiz eta partida emaitzak dirudiena baino parekatuagoa izan. Hala ere, ordiziarrek badakite oraindik zer hobetua badutela. Datorren asteburuan Cajasol Ciencias talde andaluziarra hartuko dute Altamiran. Etxeko afizioari poz bat emateko prest agertu da kluba.