Trenak soinu txikia ekarri zuenekoa
Ormaiztegiko herriak trenbideko tunelak eraikitzera etorritako italiar asko jaso zituen XIX. mendean. Hizkuntza eta kultura ezberdinak eraman zituzten italiarrek Ormaiztegira, baita tartean, musika instrumentu bat ere: soinu txikia. Hain zuzen, soinu txikiari gorazarre egin, eta bere istorioa balion jartzeko erromeria egin dute asteburuan, Ondarean Europako Jardunaldien barruan.
Eguraldia lagun, 17:15ean eman zitzaion hasiera ekitaldiari. Erromeriko parte hartzaileak kalejiran joan ziren udaletxetik trenzubi azpira. Bertan kokatutako oholtza gainean aritu ziren lau trikitilari bikote: Iñaki eta Oier Rezusta (Ormaiztegi), Iban Maiz eta Patxi (Gabiria), Uxue Kerexeta eta Andoni Oruesagasti (Zumarraga) eta Agurtzane eta Jon Elustondo (Legazpi).
Soinu txikiari gorazarre
Erromerian zehar beste hainbat ekintza harilkatu zituzten, soinu txikiaren historia azaltzeko. Oihane Gurrutxagak Corrado Maccarinelli ipuina kontatu zuen, eta Ane Arrieta, Zumalakarregi museoko hezkuntza arduradunak Ormaiztegiko itsua ezinez ezaguna egin zen Jose Francisco Berasategiren istorioa kontatu zuen. Esan duenez, «Ormaiztegiko Ezkurdia ahizpek egindako azterketa lan batean oinarritutako testua» erabili zuten horretarako, eta «jende askorentzat ezezaguna zen pertsonai bat gogora ekartzeko» balio izan zuen tarte honek.
Hasieran, jendeari dantzan hastea «kosta» egin zitzaiola esan du Arrietak, baina bukaeran giro polita sortu zen oholtza aurrean. Ormaiztegi eta Gabiriako trikitilariek soinu txikian oinarritutako bi abesti ere eskaini zituzten, «kaxa flamenkoak eta gitarrak lagunduta».
Erakusketa museoan
Amaieran, Txindata musika eskolako trikitilariak ere igo ziren oholtza gainera, eta guztien artean jotako piezekin eman zitzaion amaiera erromeriari, 19:30 inguruan.
Guztiarekin, antolatzaileek balorazio positiboa egin dute. Hasieran, zalantzak izan zituztela aitortu du Arrietak, «lehenengo aldiz ekintza bat antolatzen denean, ez dagoelako aurrez jakiterik jendeak nola erantzungo duen».
Larunbateko ekitaldiarekin lotuta, soinu txikia ardatz duen erakusketa bat dago irekita, abenduaren 4ra bitartean, Zumalakarregi museoan.
Argazkiak: Angel Elortza eta Goierriko Hitza