Mitxel Fernandez eta Asier Muruzabalen (Iruñea) aurkako partida gorabeheratsuan 40-30 irabazi dute, joko zuzena eginez.
Ezker eskubi: Pablo Fusto, Javier Labiano, Garikoitz Arrieta, Jose Manuel Garrido eta Xabier Berasategi
Jendez bete da gaur goizean Olaberriko udal pilotalekua. Xabier Berasategi antolatzaileak esan duenez, “harmailak ia bete dira” eta giro ona izan da partida osoan. Oiangu pilota elkarteko gazteek larruzko paletan pilota erakustaldia egin dute aurrena, 11:00etan. Berasategiren hitzetan “partida orekatua izan da, pilotakada politak utzi dituena, nahiz eta akatsen bat egin duten”. Unai Alberdi eta Iñigo Urbizuk osatutako bikoteak irabazi du partida, Aitor Otegi eta Ibon Zurutuzari 35 eta 33 irabazita.
Olaberriko Elite mailako III. Pala Motzeko txapelketako finaleko partidaren txanda izan da gero. Garikoitz Arrieta (Olaberria) eta Javier Labiano (Iruñea) Mitxel Fernandez eta Asier Muruzabal iruindarren aurka aritu dira. Gorriz aurrenak, urdinez besteak. Partidaren hasieran “gorriek hartu dute partidaren nagusitasuna”, markagailuan 20 puntura iritsita, 8 puntuko aldea ateraz bikote urdinari. Une horretan baina, urdinek erreakzionatu egin dute, 20ko berdinketa lortuz. “Oso jotzaile onak dira. Abiadura handia eman diote jokoari eta pilotakada gurutzatu asko egin dituzte”, argitu du Berasategik.
20tik 30 punturako bidean estu ibili dira bi bikoteak, eta partida oso borrokatua izan da markagailuan 26-28ra iritsi diren arte. Hortik aurrera gorriak nagusitu dira berriz. “40-30eko markagailua lortu dute, joko zuzena eginez, eta Labianoren joko erakustaldiarekin”. Olaberriarra ere fin ibili da, “Garik lan zail asko oso zuzen jokatu ditu” aurkariei min asko eginez.
Sari banaketa ekitaldian, pilotari onenaren saria jaso du bigarren urtez jarraian Labianok. Antolatzaileak oso gustura gelditu dira, “pala munduan ikusi daitekeen mailarik altueneko txapelketa bat Olaberrian eskaini ahal izatea harro egoteko modukoa da”, esan dute.