DSS2016 Europako Kultur Hiriburuaren baitan egindako ekimena da joan etorrian. Atzo hasi zuten ibilaldia Orexan eta abenduaren amaierara bitarte Gipuzkoako 12 herritan egingo dute geldialdia.
#10mila Joan-Etorrian ekimenak Idiazabalen egin du geldialdia gaur goizean. Arratsaldean, Beasaingo Zubimusu plazan izango dira, 15:30etik aurrera. DSS2016 Europako Kultur Hiriburuaren urtea amaitzen ari dela eta, herriz herri gipuzkoarrek urtearen inguruan egindako hausnarketak, kritikak, iritziak… jasotzea du helburu ekimenak, Irantzu Lekue artistak eta ekimenaren sustatzaileetako batek esan duenez. Mezuak botiletan bilduko dituzte abenduaren amaierara bitarte, “10 mila batu nahi ditugu” azaldu du Lekuek.
Mezu guzti hauei itzulpen artistiko bat emateko, abenduaren 29an instalazio erraldoi bat egingo dute Donostian. “Mezu guztiak irakurriko ditugu aurrena, eta ondoren instalazioa egingo dugu botilekin”.
Gaur, bai Idizabalen, bai Beasainen egindako ekimena mezuak jasotzekoa izan da, baina bitarte horretan tailer artistiko bat ere egin dute. “Ur tantak margotu ditugu lurrean eta bakoitzak bere forma eman dio”, adierazi du Lekuek. Guztien lanarekin marrazki erraldoi bat egin daitekeela erakustea da tailerraren helburua.
Datozen asteetan Elgeta, Bergara, Tolosa, Azpeiti, Hernani, Oñati, Irun, Errenteria eta Orio ere bisitatuko dituzte, mezuak jasotzen jarraitzeko helburuz. “Santo tomas egunean ere izango gara Donostian”, gogoratu du Lekuek.
Ekimen honen lehendabiziko atala izango da hau. Bigarrena, urtarrilaren 18an gauzatuko dute. “Botila batean, jasotako hausnarketa guztien laburpena” jasoko duen gutun bat sartuko dute, gps gailu batekin batera, ondoren itsasora botatzeko.
Joanetorrian.com web gunearen bitartez jarraipena egingo diote, “noraino iristen den jakin arte”. Twitter-en
#10mila izena erabiliko dute.