80 bat motorzale elkartu dira gaur Mutiloan, baita kotxe amerikarretan gerturatuko beste 20 bat parte hartzaile ere.
Bigarren urtez Txerri Motor Fest jaialdia ari dira egiten Mutiloan. Goizean goizetik hasita ia egunak argitu arteko egitaraua prestatu dute motorzaleek. Festa 10:00etan hasi da, herrigunean. Bertan bildutako motorzaleak, 80 bat, ibilaldia egin dute gero, Goierrin barrena, eta 12:00ak aurretik Mutiloako pilotalekuko aparkalekuan elkartu dira denak, baita bidean gehitzen joan diren gainontzeko motorzaleak ere.
Mutiloa motoz bete da, eta motorzalez. Jose Luis Amatriain antolatzailea gustura agertu da goizean, giro bikainean hasi dutelako eguna eta eguraldiak ere laguntzen duelako. Motorretan ez ezik, amerikar kotxeetan ere gerturatu dira beste hainbat parte hartzaile jaialdira. “Mota guztietako kotxeak dira, amerikarrak denak, zaharrena 40. hamarkadakoa da, eta gaur arteko modeloak ikus daitezke”, azaldu du Amatriainek.
Orain, eguerdian, bazkaria dute eta 16:30ean txerri jolasen txanda izango da. Rock doinuek ere izango dute lekua gaur Mutiloan. 18:30ean Ordiziako Musika Eskolako Rock taldearen kontzertua izango baitute, eta gauerditik aurrera, berriz Nazarenos eta Norte taldeak arituko dira. Indarrak berritzeko tartean, 22:00ak inguruan afaria ere egingo dute.