Goierriko artisten lanak ikusgai Beasaingo Igartza jauregian
Hamalau urte igaro dira lehenengo aldiz Goierriko Artisten Topaketa egin zenetik, eta harrezkero, taldeko erakusketa egiteko biltzen dira eguberri inguruan. Aurten, lehenengo aldiz, Goierriko Artisten Topaketaren erakusketa Beasaingo Igartza Jauregiko erakusketa gelan egingo da eta gaur egin dute inaugurazioa ekitaldia. Adin eta disziplina ezberdinetakoak, Goierriko 40 artisten lanak ikus daitezke bertan. Horietako asko elkartu dira gaur Igartzan inaugurazio ekitaldian eta bisitariek, lanak ikusteaz gain, haiekin hitz egiteko aukera izan dute. Jesus Lopez Zulueta, Angel Friasekin batera, koordinazio lanaz arduratuko da. Zulueta bera,”oso pozik” agertu da topaketaren leku aldaketarekin. Igartza jauregia, horrelako ekimenak egiteko “oso toki aproposa” dela uste baitu.
Goierriko artisten lanen erakusketa urtarrilaren 6a arte egongo da zabalik eta honakoa izango da ordutegia: astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik.