Goierriko liburu azoka bihar arte luzatuko da
Ostiralean hasi eta astebukaera osoan, euskal liburu, disko eta jostailu azoka egongo da Goierrin hainbat herritan; Lazkaon, Seguran, Ataunen, Beasainen eta Ordizian. Lazkaoren kasuan, 28 urte daramatzate azoka antolatzen. Azokak batzen gaitu lelopean euskarazko kultur eskaintza, goierritarren eskura jartzeko helburuarekin dator azoka. Ohi bezala, bost herriko kultur elkarteak, euskara elkarteak, gazte asanbladak, ikastetxeak, musika eskolak, euskaltegiak, kultura zalea, irakurleak, udalak eta Ordiziako Mujika, Beasaingo Mirentxu eta Lazkaoko liburu dendak aritu dira elkarlanean.
Biharko egitaraua
Lazkaon, bihar, 10:00etatik 14:00ak arte egongo da zabalik azoka eta eguerdian Eneko Aizpuruaren Lehertu da festa eta Iker Santxoren errusieratik euskarazko liburuen aurkezpena egingo dute. Haurrentzako jolasak ere egongo dira.
Ataunen berriz, 11:00etan hasiko da azoka bihar eta ordu horretan haurrentzat ipuin kontaketa egongo da. 12:00etan, Iker Markinez sukaldariak Euskal sukaldaritza praktikoa liburua aurkeztuko du. 13:00etan, Juan Carlos Etxegoienen Etxea, Ondarea, Historia, Mintzoa liburuaren aurkezpena dago eta azokak 14:00etan itxiko ditu ateak.
Beasainen, ere 11:00etan irekiko da azoka bihar, igandea, eta 14:00ak arte egongo da zabalik. 11:30ean kantu Jirarekin Beasaingo hizkuntzak ekitaldia izango da eta 13:00etan Debote Enbote taldearen kale antzerkia.
Seguran, 11:00etan irekiko ditu bihar ateak azokak eta 14:00ak arte egongo da.
Azkenik, Ordizian, 11:00etatik 14:00etara egongo da.