Historia ezagutzera ematea da Gure Iragana elkartearen helburua. Ordiziak Gipuzkoan izandako lekua ere aztertzen ari dira Victor Mendizabal bekarekin

Ordiziako D’elikatuz zentroan,
Kaparetasuna eta familia hitzaldia emango dute Gure Iragana kultur elkarteko, Nerea Iraola Garmendia (1990) ordiziarrak eta Ion Ander Artzelus Garcia (1991) zumarragarrak, bihar, 18:00etan. Gure Iragana elkartea Zumarragako Ion Ander Artzelusek, Ordiziako Nerea Iraolak, Urretxuko Borja Prietok eta Oñatiko David Canok osatzen dute. Bisita gidatuak eta hitzaldiak eskaintzen dituzte. Beraien helburu nagusia historia ezagutzera ematea da.
Aro berrian, XV. mendetik XVIII. mendera, ematen diren bi fenomenoei buruz arituko dira hitzaldian; kaparetasuna eta familia. Lehendabizi, kaparetasuna zer den azaltzeko sarrera txiki bat egingo dute eta ondoren, Ordizian izandako hainbat adibide jarriko dituzte.
Bestalde, familiaren inguruan ere arituko dira; XVI. mendetik XVIII. mendera, euskal familiak nolakoak ziren argituko dute Gure Iragana elkartekoek; euskal familietan emakumearen eta gizonaren paperak zeintzuk ziren kontatuko dute, eta baita kontestu horretan sortzen ziren tirabirak azaldu ere. Horretaz gain, orduko euskal gizartearen ezaugarriak zeintzuk ziren azalduko dituzte.
Victor Mendizabal beka
Bestalde, Ordiziak Gipuzkoan zein leku izan duen aztertzen ari dira Nerea Iraola, Ion Ander Artzelus eta David Cano. Hiru gazteek
Ordiziako hiribildua eta azoka, bostehun urte elkarrekin ikerketa lana aurkeztu zuten 2014ean Victor Mendizabal III. Ikerketa Bekarako, eta lana aukeratua izan zen.
Ikerlanerako ideiaren jatorria «Ordiziari buruz gehiago jakitea» dela adierazi dute Gure Iraganeko kideek eta galdera nagusi bati erantzuten ahaleginduko dira: «Zein garrantzi izan zuen Ordiziak Gipuzkoan?». Horretarako hainbat iturri ari dira erabiltzen; batez ere, dokumentuak eta arkeologia lanak. Uste baino material gehiago aurkitu dute. Lana egiteko «5.000 dokumentu baino gehiago» erabiliko dituzte.
Horretaz gain, bidean oztopo ugarirekin egin dute topo; «Ordiziako artxiboa digitalizatzen aritu dira eta horrek guztia atzeratu du». Horregatik, maiatzean entregatuko dute ikerketa lana.