Saskibaloi elkartearen 50 urteotako albisteak eta argazkiak bildu dituzte '50 urte saskibaloia Beasainen' argitalpenean. 8 euro balio du.

Beasaingo BKL saskibaloi elkartea 50. urteurrena ospatzen ari da 2017. urtea hasi denetik. Hilero ekintza desberdin bat egingo dute eta otsaileko ekintza 50 urte horietako historia aldizkarian eta DVDan jasotzea izan da. 136 orritan, 50 urte horietan egunkarietan garai batean idatzitako kronikak, eta bestelako argitalpenak eta argazkiak jaso dituzte. 38 minutuko DVD-ean, berriz, 50 urte horien historia laburbiltzen duten argazkien bilduma osatu dute.
Atzo aurkeztu zuten komunikabideen aurrean
50 urte saskibaloia Beasainen aldizkaria eta igande goizean, herriko lau puntutan jarriko dituzte salgai, 8 euroan: Antzizar kiroldegian, 12:00etan, partida garaian, Nafarroa Etorbidean Xerbera tabernaren parean, Loinazko San Martin plazaren azpian eta Usurbe Antzokiaren parean. Igandetik aurrera ere egongo da erosteko aukera baina aurrerago zehaztuko dituzte erosketa puntuak. BKL-ko Mikel De las Herasek azaldu duenez, «50 urte hauetan ez da ezer ere gorde, konturatu ginen BKL-k ez zuela bere historia idatzita eta jasota. Orain bilketa lana egin dugu etaorain artekoa bilduta gelditu da beraz».
Urtarrilean Igartzako jauregian erakusketa egin zutenetik, material gehiago ere ari dira jasotzen gainera. De las Herasek aurreratu duenez, «denak bilduta maiatzean beste erakusketa bat egingo dugu».
Beteranoak entrenatzen
Arrakastatsuak ari dira izaten BKL-ren urteurreneko ekitaldiak. Martxoan, bazkaria egingo dute: «Zuzendaritzetan egondako jendearekin bazkaria egingo dugu, udaleko eta diputazioko kideak, eta beste talde batzuetakoak… ere gonbidatuko ditugu. Hainbat sari banatzeko asmoa dugu», aurreratu du BKL-koak.
Apirilean, berriz, beteranoen partidak jokatuko dituzte Antzizar kiroldegian; emakumezkoek eguerdi partean, eta gizonez-koek arratsaldean, Iraurgi, Arrasate eta Ordiziaren aurka. Emakumezkoen taldea entrenatzen ari da dagoeneko.