Txusma Perez Azazetak 'Las otras cumbres de Euskal Herria' liburua argitaratu berri du Sua argitaletxean. Mendizalea eta bidaiaria da eta igandero mendira ateratzen da bere Legazpiko lagunekin.

Perez Azazeta –ezkerrean– Aizkorriko gailurrean, lagunekin. // Argazkiak: Perez-Azazeta
Txusma Perez Azazetak (Legazpi, 1958)
Las otras cumbres de Euskal Herria liburua argitaratu berri du. 134 gailurren berri ematen du Sua argitaletxeak kaleratutako mendiko gida liburuan; horren ezagunak ez diren mendi gainak dira, hain zuzen, horrenbeste ibiltari elkartzen ez dituztenak. Perez Azazetak dioenez, «gehienak askoz ere ezagunagoak diren gailurren ondoan daude, baina guk mendizaleek sarri ahazten dituzten bestelako gailurren berri eman nahi dugu».
Perez Azazeta gaztetan hasi zen mendian ibiltzen nahiz eskalatzen, «lagunekin Aizkorriko mendizerra eta euskal mendiak ezagutzen hasi ginen. Gero Pirinioak eta Alpeak. 1979an Marokora joan ginen, Atlasera eta 1983an Aconcagua (6.962 metro, Argentina) igo genuen, ondoren Himalaiara joan ginen behin baino gehiagotan». Lagunak aipatu ditu Perez Azaetak, Legazpiko lagunak. Izan ere, egun Lasarten (Gipuzkoa) bizi den arren, igandero mendira joaten da Legazpiko lagunekin.
Mendizale gisa duen curriculumaren zati bat da goikoa. Editore gisa ere badu ibilbidea. 1994an Legazpiko Kalotx tabernako lana utzi zuen eta
Likken aldizkaria sortu ere, mendi eta abentura aldizkari bat. 1997an Suan lanean hasi zen eta
El mundo de los Pirineos aldizkaria argitaratzen hasi ziren; urte batzuen buruan
Euskal Herria aldizkaria sortuko zuten. Egun Sua argitaletxearen koordinatzaile nagusia da.

Argitaratu berri duen liburua ez da ondu duen lehena. Aurretik idatzi dituen liburuak dira
Montes de Gipuzkoa,
Montes desde Donosti,
Trekking Donostia-Baiona,
Trekking Irati-Belagua,
Los mejores recorridos para conocer la montaña vasca,
57 rutas senderistas por Euskal Herria eta
Arantzazu-Aizkorri. Liburu guztiak Suak kaleratu ditu.
Argitara eman berri duen liburuan ez dituzte gailur berriak aurkitu, «baina gailur ezezagunak ezagutzeko proposamen ugari bildu dugu. Ibilbide berritzaileak ekarri ditugu, horrenbeste mendizale elkartzen ez dituzten bideetatik ibiltzeko aukera emanez», azaldu du Perez Azazetak.
Legazpiko lagunak
Legazpiko lagunei keinu berezia egin die, «liburu honetan lagunok egindako ekarpenak jaso ditut, asko lagundu didate eta esker ona agertu nahi diet liburu hau amaitzen lagundu didatelako».
Liburura Goierriko hainbat gailur ekarri ditu. Perez Azazetak berak zerrendatu ditu banan-banan: Azkiolaundi (1.373 metro) eta Aizkorgain (1.369 m) Brinkolatik igota Aizkorriko mendizerran; Urtsuaranetik Aztio (893 m); Larraitzetik hartuta eta Txindokitik hurbil, Larraone (1.199 m) eta Etitzegi (1.196 m); Otzaurtetik abiatuta, Txurruko Punta (998 m), Unamendi (898 m) eta Zabalaitz (866 m).
Liburuak, Perez Azazetaren hitzetan, «mendizaletasunari eusteko aukera ematen du, baita toki berriak ezagutzeko grina bizirik gordetzeko parada eman ere. Gure mendi irteeren protagonista sentituko gara, mendi gailur eta ibilbide berriak ezagutzen ditugun neurrian. Finean, mendian askeago sentituko gara horrenbeste jende elkartzen dituzten gailurretara joan gabe eta gailur ezezagun hauen gainetan bakarrik gaudenean».
Perez Azazetaren hitzei pasioa darie, «nire eguneroko lana nire pasioarekin bat datorrenez, pribilegiatua sentitzen naiz mendiaren zein bidaien esparruan lan egiteko aukera daukadalako».
Eskarmentu handia dauka mendian, baita mendiari buruzko sormen lanetan ere. Oraingoan, gailur ezkutuen xarmari erreparatu dio legazpiarrak.
LIBURUA
· Titulua. Las otras cumbres de la montaña vasca.
· Egilea. Txusma Perez Azazeta.
· Generoa. Mendi-gida.
· Argitaletxea. Sua edizioak.
· Urtea. 2017.
· Prezioa. 17,35 euro.