Aho batez onartu dute martxoko osoko bilkuran. Legazpiarrei izapideak egiteko erraztasunak emango dizkietela azpimarratu dute. Olaria saria onetsi dute
Administrazio elektronikoa legazpiarrei hurbildu asmoz, ordenantza berria onartu dute Legazpiko martxoko osoko bilkuran aho batez. «XXI. mendeko erronka teknologikoen mailan egon nahi duen administrazio batek komunikazio elektronikoen erabilera sustatu behar du; aurrerapen eta berrikuntza teknologikoak aplikatu behar ditu izapide eta prozeduretan, herritarrei eskaintzen dien zerbitzuetan ahalik eta eraginkortasunik handiena eskaintzeko» azaldu zuen Koldobike Olabide alkateak.
Zerbitzu publikoetara bitarteko elektronikoz sartzeari buruzko ordenantzak hainbat puntu arautuko ditu: administrazioarekin harremanetan jartzeko bidea aukeratzea, dokumentuen kopia elektronikoa lortzea, identifikazio elektronikorako behar diren bitartekoak eskaintzea eta sinadura elektronikoko beste sistema batzuk erabiltzea, bes-teak beste. Talde guztiek onespena eman zioten herritarrei hurbiltasuna eta erraztasunak emango dizkielako.
Olaria saria
Osoko bilkuran Olaria sariari ere onespena eman zioten talde guztiek. Hain zuzen, La Salle eskubaloi taldeari emango diote aurtengoa, kirol elkartea sortu zutela 50 urte betetzen direnean.
Hemezortzi proposamen jaso dituzte. La Salle eskubaloi taldearen proposamena 22 lagunek egin dute. Olabidek aipatu zuenez, «saria ematerakoan beti aipatzen ditugu zergati batzuk. La Salle eskubaloi taldeak urte hauetan guztietan Legazpin kirola bultzatu du eta Euskal Herrian zein kanpoan zabaldu du Legazpiko kirol jarduna». Alderdi guztietako bozeramaileek zoriondu zituzten La Salle eskubaloi taldeko kideak.
Zinegotzi berria
Osoko bilkuran Mikel Alzelai EH Bilduko aulkia hartu zuen. Aurretik zinegotzi izandakoa da, hain zuzen Sotero Plazaola ANV-EAEko alkatearekin lanean aritu zen 2007-2011 urte arteko agintaldian. «Oposizioan Legazpiren alde lanean arituko naiz», esan zuen Alzelaik.