Kontzertu eta talde zaparrada batekin dator asteburua
Udaberriko loraldia bailitzan, Goierriko kultur egitaraua bat-batean piztu dela dirudi. Izan ere, inoiz gutxitan tokatzen den bezalako asteburua dator, musika eskaintzari dagokionean. Talde eta kontzertu zaparrada izango da asteburuan, tartean, izen handiekin. Lazkaoko eta Legazpiko festak eta bestelako hainbat ospakizun tarteko, Vendetta, Inoren Ero Ni, Niña Coyote eta Chico Tornado, Huntza eta Gozategi taldeak Goierrin izango dira.
Baina ez dira bakarrak. Bihar Beasainen, Starblues taldeak joko du, 20:30ean, Dolarean. Lazkaon berriz, Huntza eta Ezten Giro! ariko dira, txosnetan (00:00); EMK Rock Band taldeak berriz, plazan joko du (22:30). Eta Legazpin, Guri5! eta Nafarroa 1512, gaztetxean (22:30); txosnetan berriz, Niña Coyote eta Chico Tornado eta The Northagirres taldeek joko dute (22:30). Eta Euskal Herria plazan, Gozategi ariko da (23:30).
Urretxun, KKinzona irratiaren eguna ospatuko dute larunbatean, eta bertan, Inoren Ero Ni, Borrokan eta Txost! taldeek joko dute, 22:00etatik aurrera. Legazpin, Yaman Brothers eta Martin&Roll taldeen kontzertu akustikoak izango dira gaztetxean (19:00). Eta Lazkaon, Ilargi Beltzak joko du (22:30).
Igandean ere jarraituko du musika eskaintzak, astelehena jai eguna dela aprobetxatuz. Lazkaon Vendetta eta Animal Caliente ariko dira plazan (22:30). Eta Legazpin, Sukarra 37 eta Elbereth txosnetan (22:30). Azken honek gainera, etxean jotzeaz gain, disko berria aurkeztuko du zuzenean.