Maiatz Musikala organo zikloari hasiera emango diote igandean
Zikloak hiru kontzertu hartuko ditu maiatzean, bat igandeko. Amaia Azpiazu sopranoak eta Aitor Olea organo jotzaileak eskainiko dute lehena, 19:00etan, parrokian
Datorren igandean Amaia Azpiazu soprano oñatiarrak eta Aitor Olea Bergarako San Pedro elizako organo jotzaileak abiaraziko dute Maiatz Musikala Le- gazpiko parrokiako organo zikloa. Kontzertua 19:00etan izango da parrokian; toki berean eta astegun berean izango dira zikloa osatuko duten maiatzeko hurrengo bi kontzertuak.
Iñigo Mitxelena Legazpiko parrokiako parrokoak adierazi duenez, «aurretik kontzertu solteak egiten ziren parrokian eta orain hiru urte ziklo gisa antolatzen hasi ginen». Zikloaren bihotza organoa da. Legazpiko parrokiakoa 1905. urtean egindakoa da. Aquilino Amezua organo egile azpeitiarrak eraiki zuen, «XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako organo egile garrantzitsuena izan zen Euskal Herrian, baita kanpoan ere».
1969an Legazpiko parrokian hainbat berrikuntza egin zituzten eta organoan ere bai, «musika tresna gehiago sartu ziren eta orduz geroztik organoarekin pieza gehiago jotzeko aukera dago». Orain afinazio lanetan daude, izan ere, «organo bat auto baten modukoa da; urtero ikuskatu behar dira afinazioa eta abar doitzeko. Guk organo zikloaren atarian egiten dugu emanaldietarako prest egon dadin».
Organo kontzertuak «akaso astunak» gerta daitezkeela eta, Mitxelenak dioenez «beste musika tresna edota kantariekin osatu ohi ditugu kontzertuak». Aurtengo zikloaren kartelean agerikoa da osatzeko xede hori. Igandean Olearekin batera Azpiazuk kantatuko du. Hurrengo igandean, maiatzak 21, Mila Osinalde organo jotzaile zumarragarrarekin batera Aitor Zabaleta txistulariak joko du eta Zumarragako Irrintzi taldeko Amaia Zabaleta, Eneko Galdos eta Ines Aztiria dantzariak ere bidelagun izango dituzte. Azken kontzertua, maiatzaren 28an, Miriam Cepeda Bilboko San Pedroko organo jotzaileak eta Luis Alberto Requejo klarinete jotzaileak eskainiko dute.
Organo jotzaileen eskuak parrokiako pantailetan ikusiko dira aurten lehenengoz.














