Zaleen laguntzarekin
Bihar, 18:00etan, Loinatz zelaian Portugaleteren aurka jokatuko du Beasainek. Partida irabaziz gero, 2. B mailako play off-a jokatzeko txartela eskuratuko du. Zaleen babesa eskatu du taldeak
Hirugarren Mailako denboraldiko azken partida jokatuko du bihar Beasainek Portugaleteren aurka, 18:00etan, Loinatz zelaian. Partida garrantzitsua da beasaindarrentzat, «final bat bezala», ezinbestekoa baitzaie garaipena lortzea 2. B mailarako igoera fasea jokatu ahal izateko. Portugalete sailkapenean bigarren postuan dago eta Beasain bosgarrenean, bi puntura. Urtzi Arrondo entrenatzailearen esanetan, «azkeneko lau-bost partidatan ez genuen pentsatzen gure esku egongo zenik play off postua lortzea». Etxean jokatzearen abantaila dute beasaindarrek, baina Portugaletek berdinketarekin ere nahikoa izango luke: «Guri ere berdinketak balioko liguke, Durangok galtzen badu». Aurten, beraz, aurreko bi denboraldietan ez bezala, beasaindarrek euren esku dute play off-etako txartela irabaztea. «Beraiek presio handiagoarekin etorriko dira. Iaz mailaz jaitsi ziren eta berriz ere igotzeko taldea osatu dute, jende onena hartuta. Azkeneko hiru-lau asteetan lehenengo geldituko zirela uste zuten, baina orain azkeneko partidan, Beasainera play offetako postua jokatzera etortze hutsa presio handia da Portugaleterentzat», zehaztu du Arrondok.
Zaleen garrantzia
Beasaindarrek azkeneko bi partidak etxetik kanpo irabazi dituzte, «taldea ondo eta gogotsu dago. Aitor Imaz daukagu lesionatuta, bestela taldea ondo dago».
Partidaren garrantzia ikusita, Portugaletetik lau autobus etorriko dira eta Beasain KE-ak ere Loinatz zelaia «gotorleku» bilakatu nahi du, jarraitzailen laguntzarekin. «Festa bat izatea nahi dugu, denon laguntza beharko dugu partida irabazteko», dio Arrondok. «Guretzat polita da, nahiz eta tentsio handiko partida izan», gaineratu du.
Era horretan, bihar Loinatzera ahalik eta zale gehien bertaratzeko, Beasain KE-ko bazkide bakoitzari sarrera bana emango diete dohainik; gainerakoan, 18 urtetik beherakoek dohainik dute sarrera, erretiratuek 8 euro ordaindu beharko dituzte eta helduek 10. Zuzendaritzak dei egin die futbol taldeko egiturako gazte eta gaztetxo guztiei «taldeko kamisetaz jantzita bertaratu daitezen partida ikustera». 17:15ean hitzordua jarri dute San Martinen estatuan kalejiran festa giroan Loinatz zelaira joateko.













