Gabirondo eta Etxaburua nagusi Zaldibian, Sega Ligako 1. saioan
Almitza elkarteak antolatutako Euskal Herriko VIII. Sega Liga atzo hasi zen, Zaldibian. Irastortza baserriko belardian 40 segalari lehiatu ziren, haur eta heldu. Eguzki bizipean, sargori egin zuen.
Gizonezkoetan (22 partaide), Julen Gabirondo izan da 10×10 metroko bi sail azkarren ebaki dituena. 2:38,93 minutuko bataz bestekoa egin zuen; epaileek txukuntasun arloan gehitutako 48 segundoak batuta, 3:26,93ko denbora eman zioten. Bigarren Jon Otegi (3:35,63) eta hirugarren Migel Mari Jauregi Altzo zaldibiarra (3:40,83) izan dira. Joxe Atin gabiriarra 6. izan zen, Bixente Mitxelenaren atzetik.
Emakumezkoetan, zazpi segalarien artean onena Alazne Etxaburua izan da (1:24,68). Alaitz Imaz (1:46,12) eta Ainara Otamendi (1:51,94) geratudira.
Haurren mailan (11), Arkaitz Gabirondo eta Maide Garmendia jarri dira sailkapenaren buru, mutiletan zein nesketan.
Ligako bigarren jardunaldia ere Goierrin jokatuko da, maiatzaren 28an, igandearekin. Lazkaomendiko Iztueta baserriko belardietan ariko dira.