Mutilen taldea Gipuzkoa mailako txapeldun atera da, Anoetari irabazita; neskek aldiz finala galdu dute, eta txapeldunorde gelditu dira
Denboraldi bikainari amaiera eman diote asteburuan Idiazabal areto futbol taldeko neska-mutilek. Mutilen kasuan, zazpi urte ondoren, Gipuzkoako bigarren mailako txapeldun izendatu dira berriro. Larunbatean, Donostian jokatu zuten denboraldiko finala, Anoetaren aurka eta 4 eta 2 gailendu ziren goierrikoak. Golegileak, Imanol Gomez, Xabier Sanchez, Ander Garmendia eta Joseba Olaziregi izan ziren Goierrikoen aldetik.
Nesken taldeak ere, denboraldiko finala jokatu zuen larunbatean, Lauburu K. E. Ibarrako taldearen aurka. Neskek ordea, ezin izan dute titulua etxera eraman, Ibarrakoak 1 eta 3 gailendu baitziren. Horrez gain, Idiazabalgo bi jokalari lesionatu ziren eta horregatik ezingo dute, Idiazabalgo taldekoek Lloret de Mar-en (Katalunia), egun gutxi barru jokatuko duten mundialean parte hartu.
Neskak mundialera
Idiazabalgo areto futboleko neskek, egindako denboraldi finaren emaitza da, Lloret de Mar-en (Katalunia) jokatuko den mundialean, Euskal Selekzio gisa jokatzeko jaso duten gonbitea. Bihar hasi eta maiatzaren 21a bitarte jokatuko da txapelketa eta Euskadiko selekzioarekin batera, Kataluniakoak ere jokatuko du beste hainbat talderen artean.