Hirigintza eta mugikortasun aukerak aztertuko dituzte. Adin, lanbide eta alor desberdinetako 25 lagunek osatuko dute taldea.Hiru saio egingo dituzte; bihar da lehenengoa.
Argazkia: Beasaingo Udala
Beasain «atseginagoa, erosoagoa eta egokiagoa eskaintzeko» helburuarekin, Nafarroa Etorbidea eta Kale Nagusia lotzen dituen eremua oinezkoentzako bihurtzeko froga egin du Beasaingo Udalak, pasa den azaroaren 2tik Horretarako, ibilgailuen sarbidea murriztu zen Ibañez parean. Zazpi hilabete beranduago, Beasaingo Udalak, «froga hori martxan jarri eta orain arteko esperientziaz baliaturik», herritarren parte hartzearekin «Erauskin plaza inguru honek hirigintza eta mugikortasun ikuspegitik zain ditzakeen aukerak aztertu nahi ditu».
Parte hartze prozesua
Era horretan, bihar hasi eta hiru saiotan, parte hartze edo hausnarketa prozesua egingo dute: «Talde lana sustatzen eta parte hartzea ahalbidetzeko prozesuak gidatzen dituen Prometea enpresaren eskutik, hausnarketa kolektiborako prozesua egingo da 25 herritarrez osatutako lan taldearekin», dio udalaren prentsa oharrak.
Talde anitza osatu nahi dute horretarako, adin, lanbide eta alor desberdinetako pertsonez osatua. «Besteak beste, Beasaingo herritarrak, eragile desberdinak, udal teknikariak, erretiratuak, gazteak, dendariak, merkatariak, bertako bizilagunak, emakume elkartekoak eta ikastetxeetako gurasoak». Azken batean, udalak, «eremu horrekiko eta udalerriarekiko begirada desberdinak bildu nahi dira hirigintza, mugikortasuna, merkataritza eta aisialdi horretan». Udalaren esanetan, «taldea osatuko duten partaiden kopurua mugatua bada ere, parte hartzeko interes berezia duen herritarrik balego jar dadila udalarekin harremanetan, Igunearen bidez».
Hiru saio, bihar hasita
Hausnarketa prozesua hiru bilera edo saioetan egingo dute: bihar, ekainaren 13an eta ekainaren 27an, 19:00etatik 21:00etara, udaletxeko batzar aretoan. Lehenik eta behin, parte hartzaileek elkarrekin Erauskin plaza inguruko gaurko egoeraren azterketa egingo dute ikuspuntu desberdinetatik: hirigintza, espazio publikoa, mugikortasuna, merkataritza, egunerokotasuna…. Era berean, «etorkizunaribegira, eta udalerri ikuspegitik, eremu horren zentzua eta funtzioa aztetzeaz gain, eremu hori aldatu eta hobetzeko aukera desberdinak jorratuko» dituzte.