Euskadiko eta Australiako selekzioak
Idiazabalgo areto futboleko neskak, Euskal Selekzio gisa, mundiala jokatu dute Lloret de Mar-en (Katalunia) eta sailkapen nagusian zazpigarren postuan amaitu dute txapelketa. “Esperientzia ahaztezina izan” dela nabarmendu dute taldekideek eta nahiz eta “zazpigarren postuan gelditu, egindako lanarekin oso pozik bueltatu” dira. Eskarmentu handiko taldeen aurka aritu behar izan dute eta horrek “ikasteko asko balio izan” diela aitortu dute.
Lehenengo fasean, Katalunia, Australia eta Errusiaren aurka jokatu zuten eta taldeko azken sailkatuak izan ziren. Bigarren fasean, Espainiako selekzioaren aurka, zazpi eta zortzigarren postuak jokatu zituzten eta 2 eta 0 irabazi zuten.
Sailkapenean postu hobea lortzea “zaila izan” bada ere, taldeko atezaina, Irantzu Iparragirre, Australiaren aurkakoan, partidako jokalari onena izendatu zuten.