Zegamako boluntario talde bat Aizkorrin izan da, materiala eramaten
Zegama-Aizkorri mendi maratoirako atzera kontua hasi da jada. Sei egun besterik ez dira falta zegamarren urteroko kirol hitzordurik garrantzitsuenerako, eta iganderako dena prest egon dadin, azken ukituak ematen ari dira. Asteburuan, urteroko ohiturari jarraituz, boluntario talde bat Aizkorrira joan da, ura eta behar den materiala tontorreraino eramateko. Ermitan gordeko dituzte igandera arte.
Boluntarioak dira Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren bizkarrezurra, eta aurten ere, 400 lagunetik gora ariko dira antolatzaile eta laguntzaile lanetan. Larunbatean, esaterako, berrogeita hamar bat lagun joan ziren Aizkorrira, materiala eramatera. Horietako asko, igandean ere bertan izango dira, korrika nahiz laguntzen.