Urretxuko Udalak herriko udaltzain bati emandako jipoia gaitzetsi du
Bizilagun batek Urretxuko udaltzain bati jipoia eman dio eta udalak gertaera gaitzetsi du eta bere haserrea azaldu du. Gainera, dagoeneko burutzen ari diren eginbideetan akusazio partikular moduan jardungo dela jakinarazi
Bizilagun batek Urretxuko udaltzain bati jipoia eman dio eta udalak gertaera gaitzetsi du eta bere haserrea azaldu du. Gainera, dagoeneko burutzen ari diren eginbideetan akusazio partikular moduan jardungo dela jakinarazi du.
Gertaera ostegun iluntzean izan zen, Labeaga kalean. Bizilagun batek autoa errepidean utzi zuen, Goldeneko plazatxoaren parean. Udaltzaina auto barruan zain zegoen pertsonarengana hurbildu eta ibilgailua mugitu behar zuela esan zion. Gidaria gertu zegoen eta, udaltzaina hizketan ari zela baliaturik, bertaratu eta jipoia eman zion. Ondoren, ihes egin zuen. Egunsentian Ertzaintzaren komisarian azaldu zen, bere borondatez.
Urretxuko Udalak idatzi bat argitaratu du. Bertan, gertatutakoa «larritasun handikoa» dela dio. Hori dela eta, dagoeneko burutzen ari diren eginbideetan akusazio partikular moduan jardungo dela adierazi du. Kontuan hartu behar da, gainera, lehenago ere antzekoak gertatu izan direla. Iaz beste udaltzain bat jipoitu zuten.
Urretxuko Udalak eskerrak eman nahi dizkie udaltzainari laguntza eskaini zioten bizilagun guztiei. Lagundu ez baliote, erasoaren ondorioak larriagoak izango ziren. Azkenik, udaltzainek burutzen duten lana errespetatzea eskatu du.