Eguraldi txarrak baldintzatu egin du martxa, edonola ere legazpiarren zein bisitarien erantzuna "oso ona" izan dela esan dute antolatzaileek
Atzo egin zuten Legazpin Xabier Ortiz de Luzuriagaren omenezko mendi bizikleta martxa. 180 lagunetik gora parte hartu zuten eguraldiak batere lagundu ez zuen arren. Antolatzaileak pozik agertu dira legazpiarren zein kanpotarren partaidetzarekin. Ibilbidea ikaragarri gogortu zuen euriak eta erdi mailan dabilen jendea kexu zela esan du Aitor Uribetxeberria antolatzaileak, “hala ere, Udanan ihesbidea hartu zuten eta Laubidera ibilbide osoa egin gabe heltzeko aukera izan zuten”.
Proba ondoko festa ere baldintzatu zuen eguraldiak. Domingo Agirreko frontoian egin zuten, baina hotzak etxerako gogoa eragin zien proban parte hartu zutenei. 100 opari inguru zozketatu zituzten eta banatu ere. Ibilbidean hiru panpin banatu eta aurkitu zituztenek, guztiak legazpiarrak, AMPOk emandako bizikleta traje bana eman zieten.