Zegamarrek erromesaldia egin dute Arantzazura
Aspaldiko ohiturari jarraituz, aurten ere erromesaldia egin dute zegamarrek Arantzazura Pentekoste Pazkoa egunarekin bat.
Erromesaldia bi egunekoa izan da. Atzo goizean abiatu ziren erromesetako batzuk Zegamatik oinez Arantzazura menditik barrena, eta Arriurdin deritzan parajean bazkaldu zuten, udalak banatutako ogitartekoa, edaria, kafea eta pattarrarekin. Arratsaldean iritsi ziren Arantzazura mendizaleak eta batzuk gaua bertan igaro zuten.
Gaur goizean abiatu dira beste erromes batzuk Zegamatik autobusez. Arantzazun meza entzun eta gero, bazkaldu ere bertan egin dute eta ondoren, batzuk autobusez eta beste batzuk mendiz itzuli dira. Oinezkoak San Bartolome ermitara iristean, gozokiekin hartu dituzte herrikideek, eta gero Arantzazuko amaren irudia lagundu dute prozesioan San Martin parrokiara.
Ondoren, Casino kultur elkarteak antolatu duen ipuin lehiaketaren sariak banatu dituzte herriko plazan. Aitxurri herri eskolako ikasleek parte hartzen dute lehiaketan.
Jaiari lagunarteko afariarekin emango diote bukaera zegamarrek Ostatuan eta udaletxe azpiko arkupeetan.