Aizkora eta sega apustua jokatuko dute larunbatean Zegaman
Joxemari Arakama zegamarrak eta Joxetxo Atin gabiriarrak jokatuko dute. Larunbatean izango da Murgizelain, 18:00etan. 1.000 euro jarri dituzte jokoan
Joxemari Arakama Euzkitze zegamarrak eta Joxetxo Atin gabiriarrak aizkora eta sega apustua jokatuko dute larunbatean Zegaman. Lehia Murgizelain izango da, 18:00etan. Bakoitzak 500 euro jarriko ditu jokoan eta sarrera 10 euro kobratuko dute.
Bakoitzak 60 ontzako lau enbor ebakiko ditu eta ondoren belarra moztuko dute, ordubeteko saioa osatu arte. Belar gehien mozten duenak irabaziko du.
Atinek 53 urte ditu eta gabiriarra da. Egun, Lazkaon bizi da. Beti gustatu zaizkio herri kirolak, baina honakoa bere lehen apustua da. «Lehen apustua da eta azkena izango dela uste dut. Dagoeneko ez dugu halako gauzetarako adinik, baina berotu egiten gara eta gero ezin atzera bota. Hauek gazteentzako kontuak dira, ez zaharrentzat».
Arakama eta Atin lagun zaharrak dira. Zegamarrak beste apustu bat zuen eskuartean, baina ez zen aurrera atera. Bere lagunak galtzen zuenaren aurka jokatuko zuela esan zion eta, azkenean, elkarren aurka arituko dira. «Lagunak gara eta lagunak izaten jarraituko dugu. Lehiaren ondoren elkarrekin afaltzeko asmoa dugu».
«Segan aizkoran baino hobeto moldatzen naiz, baina bera ere segalaria da» Joxemari Arakama (herri kirolaria) «Denok ditugu egun txarrak eta egun onak: irabazteko aukeraren bat badut» Josetxo Atin (herri kirolaria)Gabiriarrak zegamarra ikusten du faborito. «Joxemari ni baino gehiago da. Itxura ona ematea da nire asmoa». Irabazteko aukeraren bat baduela uste du, noski. «Denok ditugu egun txarrak eta egun onak eta irabazteko aukeraren bat badut, baina Joxemarik urte asko daramatza aizkoran eta segan ondo dabilela diote. Segan berak baino esperientzia gehiago dut, baina aizkoran ni baino gehiago da. Ni eusten saiatuko naiz. Irabaztera biok aterako gara, noski». Arakamak ere betidanik ditu gustuko herri-kirolak. «Afizio handia dut, baina talentu gutxi. Oso gaztetan hasi nintzen, baina gerritik arazoak izan nituen eta utzi egin nuen. 32 urterekin ekin nion berriro: lehenengo trontzan eta ondoren aizkoran». Itxaropentsu ageri da, baina zuhur. «Adin honetan gorabehera asko egoten dira. Ahalik eta hobekien prestatu naiz eta irabaztea espero dut. Segan aizkoran baino hobeto moldatzen naiz, baina bera ere segalaria da. Joxetxo sasio handiko mutila da. Kirolari konpletoa da eta mendian asko ibiltzen da. Jatorra bezain indartsua da. Egia esan, badiot beldur pixka bat», amaitu du zegamarrak.













