«Oso pozgarri da Ordizia kirol arloan bizitzen ari den momentua»
Unai Arana (Kirolaria eta Emaneurre elkarteko kidea)
Gipuzkoan kirol federatu gehien duen herria da Ordizia; mila inguru. Kirol eskaintza bera ere oso handia da, hemezortzi diziplina baitaude aukeran; errugbia, futbola, saskibaloia, eskubaloia, urpeko igeriketa, gimnastika erritmikoa, areto futbola eta boxeoa, besteak beste. Aurreko urteetan bezala, denboraldi honetako lorpenak ere ez dira gutxi izan. Kirolaren, kulturaren eta euskararen sustapena uztartzen ditu Emaneurre taldeak, eta Ordiziak bizi duen kirol momentuaren balorazioa egin du Unai Arana taldeko kideak (Ordizia, 1993).
Zein egoeratan dago Ordizia kirol arloa kontuan hartuta?
Kirol modalitate guztiak aintzat hartuta, orokorrean oso ona da egoera. Inguruko herriekin alderatuta, kirola egiteko aukera handia dago Ordizian.
Denboraldi honetan oso maila onean aritu dira hainbat talde.
Bai, bai. Saskibaloian eta eskubaloian mailaz igo dira bi taldeak. Finalak herrian bertan jokatzeko zortea izan dugu, gainera, eta zoragarria izan da. Bi kasuetan, amaiera-amaieran irabazi zituzten partidak, eta urduritasun handiko momentuak bizi izan genituen. Gimnastika erritmikoan ere hainbat gimnasta oso ondo sailkatuta daude Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketetan. Ampo Ordiziak titulurako kanporaketak jokatu zituen errugbian. Pisu jaurtiketan ere, Ordiziako Altamira estadioan entrenatzen dira Espainiako txapeldunak… Amaigabea da zerrenda. Oso harro sentiarazten gaitu maila on horrek. Dena den, herritar gisa, ezustean hartu nau hainbeste garaipen pilatu izanak. Kasualitate handia da kirolari guztiak aldi berean hain ondo aritzea.
Zein da sekretua emaitza horiek lortzeko?
Ez dago sekreturik! Argi daukat urte osoko lan gogorraren emaitza dela. Nik neuk eskubaloiko seniorren taldean jokatzen dut, eta mailaz igotzea lortu dugu denboraldi honetan. Ondorioz, Euskal Ligan ariko gara datorren denboraldian. Gogotik lan egin dugu, bai denboraldi honetan eta baita aurrekoetan ere, eta, azkenean, hemen dugu lorpena. Diziplina guztietako gainontzeko taldeek ere antzeko bidea egin dutela esango nuke.
Datorren denboraldirako zein helburu duzue eskubaloi taldeko kideek?
Aurretik ere jokatu izan dugu Euskal Ligan, eta badakigu ez dela denboraldi erraza izango, maila handia dagoelako. Denboraldia hasi, gozatu, taldea indartu eta mailari eustea izango da helburu nagusia.