Lazkaoko kaleetan urbanizazioa eta azpiegiturak berritzeko programaren barruan, udalak aste honetan hasi du San Inazion hurrengo lana. Hango etxadiaren barruan, oinezkoen igarobideak berrituko ditu batetik. Kanpoaldean, Antzaldera ematen duen espaloia ...
Lazkaoko kaleetan urbanizazioa eta azpiegiturak berritzeko programaren barruan, udalak aste honetan hasi du San Inazion hurrengo lana. Hango etxadiaren barruan, oinezkoen igarobideak berrituko ditu batetik. Kanpoaldean, Antzaldera ematen duen espaloia konponduko du.
Berritu beharrean zegoen San Inazio inguruko kalea, udalak aurreratu duenez. «Zuhaitzen zainek hainbat espaloi zati altxatu egin dituzte, eta gune batzuk arriskutsu daude oinezkoentzako». Lur harrotze lanak baliatuz, edateko uraren hoditeria ere aldatuko du.
Obrak Otegi Gaztañaga eraikitzaile enpresak egingo ditu, eta 119.440 euroko aurrekontua du. Espero gabeko eragozpenik sortzen ez baldin bada, bi edo hiru hilabete iraungo dute lanek.
Udalak abian dituen berritze-proiektuen artean laugarrena da San Inaziokoa. Areso-San Inazioko zubia zabaltzen, eta Gurutze nahiz San Prudentzio auzuneetan kaleak berritzen ari da. Datorren astean Mikelarren ekingo die obrei. Denera 1,4 milioi inbertituko ditu, 5 obretan.