Giro bikaina Ordiziako Klasikaren irteeran
Abiatu da Ordiziako 94. Klasika, eta Ordiziako irteeran, txirrindulariek eta parrandazaleek bat egin dute, eta Ordiziako proba ezagun egin duen giro ona nagusitu da aurten ere. Guztira 17 taldetako 136 txirrindulari ari dira parte hartzen. Horien artean, lau goierritar daude: Gorka Izagirre (Movistar Team), Alex Aranburu (Caja Rural), Garikoitz Bravo eta Pello Olaberria (Euskadi Basque Country-Murias).
Irteeran puntuan minutu bateko ixilunea gorde dute Jose Ramon Etxezarreta zenaren eta Ordiziako Klasikan lanean aritu eta gero zendu diren lagun guztien alde. Etxezarretaren senideek moztu dute zinta, eta agurra eta lore sorta eskaini diete antolatzaileek.
Txirrindulariek 167,5 kilometroko ibilbidea dute aurretik, eta bost aldiz igoko dute Abaltzisketako gaina. Ordizian ere hainbat pasaera egingo dituzte, eta txirrindulariak helmugara 14:00ak aldera iritsiko direla espero dute antolatzaileek.