Arantxa Zurutuzak ekarri ditu, kiloa bost euroan. Udareak, 'Potimarron' kalabaza, tomate beltza eta sagar dultzea izan dira gaurko beste berritasun batzuk.
Arantxa Zurutuza aramarra, lehenengo pikuekin. / Maialen Igartua
Ordiziako asteazkeneroko feriara lehenengo pikuak ekarri ditu gaurkoan Arantxa Zurutuza aramarrak, kiloa bost euroan. Frutekin jarraituz, mota ezberdinetako lehen madariak ere ekarri dituzte hainbat ekoizlek; tartean, limoi udarea. 1,5-2,5 euroan jarri dituzte salgai.
Potimarron kalabazak ere ekarri dituzte azokara, Montesenekoek. Neguko kalabaza mota bat da
potimarron izenekoa,
Hokkaido izenez ere ezaguna. Ohiko kalabaza baina txikiagoa da, azal finekoa eta haragi gogorragokoa. Kalabaza honen haragiak gaztaina zaporea duela ere esan ohi da. Tomate beltza ere ekarri dute Montesenekoek. Kiloa 3 euroan jarri dituzte bai kalabazak eta bai tomate beltza.
‘Potimarron’ edo ‘Hokkaido’ kalabazak. / M. Igartua
Sagar dultzea egiten ere hasi dira
Azkenik, sagar dultzea egiten ere hasi dira dagoeneko. Baliarraingo Edurne Jauregik ontzika saldu du, kiloa 6 euroan.
Bestalde, Lazkaoko Aldasoroberri jatetxeko Juanjo Martinez de Rituerto sukaldariak udako barazkiak sukaldatu ditu azokan. Anttoni Murgiondo gabiriarrari erosi dizkio.
Perretxikoei dagokienez, hauxe izan da gaurko azokan salgari jarritakoa:
- Ziza horiak (kanpokoak): 30 kg (kiloa 20 euroan)
- Ziza horiak (hemengoak): 5 kg (12-20 euroan)
- Gibelurdinak (hemengoak): 5 kg (30 euroan)
- Onddoak (hemengoak): kilo bat (30 euroan)
- Tripakia edo gamuza: kilo bat (15 euroan)