Great Taste Awards 2017 nazioarteko lehiaketan hiru izar lortu ditu Eli Gorrotxategi beasaindarraren gaztak, eta munduko 165 elikagai onenen artean sailkatu da. Aizpea gaztandegiko gaztak ere oso emaitza ona lortu du: bi izar.
La Leze gaztandegiko Eli Gorrotxategi. / Arkaitz Apalategi
Erresuma Batuan egin da
Great Taste Awards 2017 nazioarteko lehiaketa. Bertan, mundu osoko 12.366 elikagai dastatu dituzte adituek, 60 egunetan. Denetariko elikagaiak dastatu dituzte: gazta, haragia, sagardoa, ogia… Aditu taldeak emandako puntuaketaren arabera, 12.366 elikagai horietatik 4.347 elikagaik lortu dituzte izarrak, hau da, %35ak.
Hain justu, %35 horien artean daude La Leze (Eli Gorrotxategi beasaindarrarena) eta Olaberriko Aizpea gaztandegiak. Bakoitzak bi gazta aurkeztu zituen, Artzai Gazta elkartearen bidez. La Lezek aurkeztutako ketutako gaztak hiru izar lortu ditu. 165 elikagaik baino ez dituzte hiru izar lortu. Aurkeztutako bigarren gaztak, berriz, izar bat lortu du.
Iaz bi izar lortu zituen La Lezek Great Taste Awards sariketan.
Olaberriko Aizpea gaztandegia ere, saritua
Bestalde, Aizpea gaztandegiko gazta batek bi izar lortu ditu, eta beste gaztak izar bat. Emaitza onak dira horiek ere Artzai Gazta elkartearen ustez. Izan ere, 1.000 elikagai inguruk baino ez dituzte lortu bi izar.
Datorren astean prentsaurrekoa eskainiko dute, lehiaketaren eta aurkeztutako gazten xehetasunak azaltzeko.