Monzonen langile izandako Inaxi Erauskin zaldibiarra omendu dute, 100 urte betetzean
Euskal politikagintzako eta 1936ko gerrako zenbat kontu ez ote ditu jakingo Inaxi Erauskin zaldibiarrak. 1917an jaioa, Telesforo Monzon EAJko agintari, diputatu eta lehenengo Eusko Jaurlaritzako kontseilari izandakoaren etxean aritu zen lanean, Bigarren Errepublika garaian, eta geroko gerra aldian, Donibane Lohizuneko egonaldian. Aurretik, Hondarribiako familia batean lan egin zuen.
Ipar Euskal Herrian urte askoan bizi izan ondoren, Gipuzkoara itzuli zen. Lazkaoko Sanitas-Txindoki gerontologikoan bizi da gaur egun Erauskin, duela hamar urtetik. Atzo 100 urte bete zituen, eta egoitzako kide, langile eta familiartekoen artean ospatu zuten. Egoitzako zaharrena da Erauskin.
Omenaldia egin zioten Txindoki egoitzako areto nagusian, musika zuzenean joz, askaria janez eta opariak eta oroigarriak emanda. Gipuzkoako Foru Aldundiak lore sorta bat oparitu dio. “Emakume borrokalaria eta bizia” definitu dute gertukoek, eta “fisikoki eta buruz inbidia emateko moduan” dago.