Bihar meza eta erromeria egingo dituzte Loinazko ermitan. Ostiralean 18:00etan botako du jaien hasierako danbatekoa. Larunbatean Igartzako Dantzarien eguna da
Auzoetako jaien hilabetea izaten da iraila Beasainen, eta bihar hasi eta igandera arte, Igartza-Loinatz auzoaren txanda da. Loinazko futbol zelaiaren ondoko aparkalekua izango da festa gune nagusia. Egitaraua biltzen duen liburuxka argitaratu dute aurten auzotarrek.
Hasteko, bihar, 18:00etatik aurrera, 1981. urteaz geroztik antolatzen duten meza eta erromeria egingo dute Loinazko ermitan. Ostiralean, berriz, 18:00etan botako dute festa hasierako danbatekoa. Jarraian, buruhandiak, Linaje magoaren ikuskizuna (18:45) eta ardo dastaketa (19:15) izango dituzte. Gauean, berrikuntza gisa, hiru talderen kontzertua antolatu dute: Kol-P, Bullet Proof Lovers eta Pho-Bo.
Larunbat goizean 11:00etan haur jolasez eta 12:00etan apar festaz gozatzeko aukera izango dute txikienek. 13:00etan poteoa egingo dute Beti Berandu txarangak alaituta. 16:00etan mus txapelketa eta 16:45ean patata tortilla lehiaketa hasiko da. Patata tortilla lehiaketarako 635 162 387 telefonoan eman behar da izena, bikoteko 8 euro ordainduta. 19:00etan, txinga eta sokatira saioak izango dira eta 21:00etan herri afaria egingo dute, mozorroturik. Afarirako txartelak 3 euroan daude salgai: oilasko errea patatekin, edaria eta ogia. Mozorro lehiaketako parte hartzaileek eskenatokira igo beharko dute afaria bukatu ondoren. Saria, 60 euro. Helduen karaokearekin amaituko da eguna; irabazleak bi afari jasoko ditu.
Igandean, azkenik, 11:00etan puzgarriak, 12:00etan apar festa, 12:30ean Laguntasuna Errondaila eta 14:30ean paella erraldoiarekin herri bazkaria izango dituzte Igartzan. Arratsaldean, berriz, Gelo Fuentesekin bakarrizketak (17:00), buruhandiak (18:30ean) eta trikipoteoa (19:00).
Igartzako Dantzarien Kofradiaren egun handia izango da larunbatean
Dantzak protagonismo berezia izaten du Igartza-Loinatz auzoko jaietan, Igartzako Dantzarien Kofradiaren egunari esker. 2007. urtean Aurtzaka dantza taldearen ekimenez, Igartzako ezpata-dantzarien Kofradia sortu zen. 300 kofrade ditu eta helburu nagusia, gutxienez orain bi mende Beasainen eta inguruko herrietan oso ohikoak ziren ezpata-dantzaren segizioa eta dantza sortak berrekuratu eta indarrean jartzea da.
Larunbatean izango da Dantzarien Kofradiaren egun handia. 12:00etan, udaletxean bandera jarri eta ezpata-dantzaren segizioa egingo dute plazatik Igartzaraino. Segizioa luzea izango da aurten, 100 dantzari baino gehiagoz osatua. Buruzagiak, zaldikoa, banderariak, dantzari azkendariak, Loinazko dantzari txiki eta musikariez gain, ezpata luzeko dantzariek lau ilarako segizio luzea osatuko dute. 12:30ean, ezpata dantzariek saioa eskainiko dute Igartza monumentu multzoko gune desberdinetan.
Kataluniako dantzak
Aurtengo ekitaldian, Igartzako dantzariek Kataluniako Rubi herriko Esbart Dansaire taldea izango dute lagun. Bi saio eskainiko dituzte: ostiralean, 21:00etan, Usurbe antzokian (dohainik), eta larunbatean, ezpata dantzarien saioa bukatutakoan. Kataluniako talderik zaharrenetakoa eta entzutetsuenetakoa da Esbart Dansaire, 1923an sortua. 1985ean Dantzaren Sari Nazionala eta 1997an Creu de Sant Jordi jaso zituen.
Bazkaria eta erromeria
Dantza saioaren ondoren, kofradiakideen bazkaria egingo dute jauregian. Egunaren akta irakurtzearekin batera, dantzariei dominak banatuko zaizkie, parte hartutako urte kopuruaren araberako kolorekoak. 17:30ean, Aiko taldearekin erromeria egingo dute Igartzako zelaietan.